Musikonektatuta geratu dira Ibarra eta Tolosa

Ataria 2024ko mai. 25a, 15:14

Musikonexioa lelopean antolatu dute Musikaldi Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen topaketa Tolosako Eduardo Mokoroa eta Loatzo musika eskolek. Ehunka musikari bildu dira bi herrien artean.

Bi urtez behin antolatzen du Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak Musikaldi topaketa. Aurtengoa antolatzeko ardura Tolosako Eduardo Mokoroa eta Loatzo musika eskolek izan dute eta Ibarra eta Tolosa artean ospatu dute. Bi herrien arteko lotura puntuan, Zumardiaundian abiatu dute eguna ekitaldi nagusi batekin.

Bertan bi urte barru topaketaren antolaketaz arduratuko den Legazpiko Doinua musika eskolari eman zaio lekukoa. 2026an Musikaldi topaketa bertan egingo da eta Erik Galvez alkateak jaso du makila, Igor Zapirain eta Andu Martinez de Rituerto Ibarrako eta Tolosako alkateen eskutik. Segidan, Abian da festa Musikaldiko ereserkia eskaini dute Legazpiko abesbatzak eta Donostiako bandak.

Ekitaldi berean, halaber, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen ohorezko izendapena ere egin dute. Izendapen hau elkarteko batzar nagusian aukeratzen da eta euskal kulturari egiten zaion ekarpena aitortzen da. Hala, aurtengoan, bi emakumek jaso dute ohorezko batuta hori: Eva Ugaldek eta Junkal Guerrerok, hain zuzen,  Euskadiko haur eta gazteen abesbatzentzat koru musikari egindako ekarpenagatik.
 
Eva Ugalde musikagile eta abesbatzen zuzendaria da. Donostiako Goi Kontserbatorioan ikasi ondoren, musika koral eta formatu txikiko konposizioan espezializatu zen. Egun, Musika Hizkuntzako eta Abesbatzako irakaslea da Donostiako Francisco Escudero Musika Kontserbatorio profesionalean. Juncal Gerrero andoaindarrak, berriz, Luberri Abesbatza mistoa eta Luberri Xuri ahots zuriko abesbatza zuzentzen ditu. Abeslari gisa Kup Taldeko kide da, Gabriel Baltesen zuzendaritzapean. Gerrerok jaso ditu ohorezko bi batutak, Mikel Mate, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko presidentearen eskutik. Guerrerok bere lehen irakasleari, Begoña Tolaretxipiri eskaini dio aitortza, pasioz irakatsitako guztiagatik eta ikasleei zuzendu zaie: «Entzun irakasleak, asko dute erakusteko eta».

Ekitaldian presente izan dira Tolosako eta Ibarrako alkateekin batera, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Loatzo musika eskolako lehendakari Kristina Rodriguez  Adunako alkatea. Guztiek nabarmendu dute musikak elkartzeko eta batzeko duen gaitasuna, baita inklusiorako ematen duen aukera ere. Norabide horretan, erakunde guztiek elkarrekin ahalegina egiteko beharra azpimarratu dute.

Ekitaldia amaitzeko Miren Mujika eta Amaia Lizaso Loatzo eta Eduardo Mokoroa musika eskoletako zuzendariek hitz egin dute. Mujikak nabarmendu du Loatzo musika eskolaren atzean eskualdeko herri txiki asko daudela eta herri horietako udalak eskertu ditu musikaren alde egiten duten apustuagatik. Lizasok, aldi berean, gaurko antolaketan parte hartu duten irakasle eta boluntario guztien lana eskertu du.

Arratsaldean borobilduko dute Musikaldi topaketa Ibarran, Distopia elektrotxaranga ibiliko baita kalez kale 17:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!