Eskualdekoen arteko finala boleibolean

Ataria 2024ko mai. 23a, 15:00

Boleiboleko Gipuzkoako Txapelketa izango da jokoan larunbat goizean kadete mailan, eta bertan eskualdeko bi taldek neurtuko dituzte indarrak: Aiztondo NKT eta Tolobolei B.

Finalera partidarik galdu gabe iritsi dira bi taldeak, eta ikusmina sortu da txapeldun zein bilakatuko den jakiteko. Finala Donostiako Pio Baroja kiroldegian jokatuko da, 09:30etik aurrera.

Aiztondo NKT kluba aurreko denboraldian jarri zen martxan boleibolarekin, eta kadete mailakoak finalera iristea lorpen handia dela azaldu dute klubetik. Kontuan izan behar da ere infantil mailakoak finalerdietara iritsi direla denboraldi honetan.

Tolobolei klubak hiru talde izan ditu parte hartzen kadete mailan. C taldeak hirugarren egin zuen ligan, eta A taldeak laugarren. B taldeko entrenatzailea den Alaitz Zabalak azaldu duenez, «Aiztondo NKT taldearen denboraldiaurrean lagunarteko partidaren bat jokatu genuen, baina bestela ez zaigu egokitu elkarren aurka jokatzea. Finalerdietan beraien partida ikusteko aukera izan nuen eta maila igo dutela nabaria da. Emozio handikoa izango da finala».

Argazkiak: Mikel Rodriguez eta Tolobolei

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!