Gomazko paletan ondo bideratuta doa Tolosa

Ataria 2024ko mai. 23a, 07:57

Herriarteko Txapelketan parte hartzen ari diren Altzoko pilotariak.

Herriarteko Pilota Txapelketan final-zortzirenetan Tolosa 3-0 irabazten ari da. Eskuzkoan, Altzo eta Amezketa, berriz, 2-1 galtzen doaz.

Final-zortzirenetan dago sartuta Herriarteko Pilota Txapelketa, eta eskualdeko hiru herri daude lehian. Gomazko paletan Tolosa dago jokoan, eta oso bideratuta du kanporaketa, 3-0 irabazten ari baita. Eskuz, Altzo eta Amezketa daude lehian eta biak 2-1 galtzen ari dira joaneko neurketa jokatu eta gero.

Gomazko paletan Tolosak etxean jokatu zuen, Beotibarren, eta Oiartzuni banaka 20-5 irabazi zion, binaka 20-8 eta 7ko koadroaren barruan 20-5. Itzulerako partida etzi jokatuko dute, 10:30ean hasita, Oiartzungo Haurtzaro pilotalekuan. Final-laurdenetara igarotzeko aukera paregabea du Tolosak.

Eskuzko modalitatean, final-zortzirenetan hasi du bidea Altzok eta 2-1 galtzen ari da oraingoz kanporaketa Zaldibiaren kontra. Aurkarien etxean jokatu zuten joaneko neurketa eta kadeteetan 22-4 galdu, jubeniletan 1-22 irabazi eta nagusietan 22-8 galdu zuten. Itzulerako neurketa bihar jokatuko dute, 18:00etan, Altzoko frontoian.

Amezketa bigarren kanporaketa jokatzen ari da Herriarteko Pilota Txapelketan, eta Bergara du oraingoan aurkari. 2-1 galtzen ari dira amezketarrak. Kontrarioen etxean jokatu zuen joanekoa asteburuan, eta kadeteetan 22-13 galdu, jubeniletan 19-22 irabazi eta nagusietan 22-10 galdu zuten. Bihar jokatuko dute itzulerako neurketa, Amezketako Larrunarri frontoian, 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!