Afrikako Astea ospatuko dute eskualdean

Ataria 2024ko mai. 22a, 17:00

Ekintza ugari izango dira maiatzaren 24tik 30era Tolosan, Villabonan, Zizurkilen, Asteasun eta Iruran.

Maiatzaren 21ean Aniztasun Kulturalaren Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta maiatzaren 25ean, berriz, Afrikako Eguna izango da. Bi ospakizun horien testuinguruan, eta kontinenteko errealitate aniztasuna islatzeko helburuarekin, hainbat ekitaldi antolatu ditu Tolosaldea Garatzeneko migrazio eta aniztasun sailak, Amasa-Villabonako, Tolosako, Asteasuko eta Zizurkilgo udalekin elkarlanean, baita Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearekin, Divina Gipuzkoako Emakume Nigeriarren Elkartea, Irura Bizi Elkartea, Nazioarteko Elkartasuna elkartea eta Zurrumurruen Aurkako Sarearekin batera.

Egitarau zabala prestatu dute, eta bihar emango diote hasiera. Hain zuzen, 4. Afrikako Astea ospatuko dute bihartik hasita maiatzaren 30era arte. Horretarako, Tarifa-Tangerreko Zine Afrikarraren Jaialdiaren zine emanaldiak antolatu dituzte datozen egunetan eta bihar izango da lehena. Hain justu, Softie dokumentala eskainiko dute, 19:00tan, Zizurkilgo Kultur Etxean. Datorren asteazkenean, berriz, MRS F dokumentala izango da ikusgai, 19:30etan, Villabonako Gurea zine aretoan, eta ostegunean, Entre las higueras filma, 19:30etan, Tolosako Leidor aretoan. Emanaldiak jatorrizko bertsioan izango dira, gaztelaniazko azpidatziekin, eta sarrerak doakoak izango dira.

Amaitzeko, datorren astelehenean erakusketa zabalduko dute Asteasuko Kultur Etxean; Emakume afrikarrak, inspiratzen duten emakumeak izenburupean. Erakusketa maiatzaren 31a arte izango ikusgai, astelehenetik ostegunera, 16:00etatik 18:30etara, eta ostiraletan, 11:00etatik 13:00etara. Bisita gidatua egiteko aukera ere izango da datorren asteartean, 18:30etatik aurrera, Divinas emakume nigeriarren elkartearen eskutik.

Biharko ekintzak

Bestelako ekintzak ere izango dira aukeran. Esaterako, txikienentzako Abentura Erraldoia zinema proiekzioa izango da bihar, 17:30etan Irurako Herri Eskolako aretoan, eta 18:30etatik aurrera, berriz, Europa, migrazioa eta estremismoa izenburupean zurrumurruen aurkako solosaldia egingo dute, Asteasuko udaletxeko ikuskizun aretoan. Karlos A. Castilla Juarez irakasle eta SOS Arrazakeria Batzordeko kidea, Nieves Arrese EHUko administrazio zuzenbidea eta Nadir Gutierrez gizarte-langilea eta esku-hartze sozialeko teknikariak gidatuko dute saioa. Gazteleraz izango da eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.

EGITARAUA

  • 4. AFRIKAKO ASTEA:
    • Maiatzak 24, ostirala
      • 19:00. 'Softie' dokumentala Zizurkilgo Kultur Etxean.
    • Maiatzak 27, astelehena
      • 'Emakume afrikarrak, inspiratzen dituzten emakumeak' erakusketa, Asteasuko Kultur Etxean. Astelehenetik ostegunera, 16:00etatik 18:30etara, eta ostiraletan, 11:00etatik 13:00etara.
    •  Maiatzak 28, asteartea
      • 18:30. Emakume afrikarrak, inspiratzen dituzten emakumeak' bisita gidatua, Asteasuko Kultur Etxean.
    • Maiatzak 29, asteazkena
      • 19:30. 'MRS F' dokumentala Villabonako Gurea zine aretoan.
    • Maiatzak 30, osteguna
      • 19:30. 'Entre las higueras' filma Tolosako Leidor aretoan.
  • Maiatzak 24, ostirala
    • 17:30. 'Abendura Erraldoia' filma, Irurako Herri Eskolako Aretoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!