Altuna III.ak oso ondo jokatu du, txapelketako partida onena eginez, eta Iñaki Artolak ez du berea eman. Hori izango litzateke laburpena. Ondorioa, amezketarrak bere bosgarren finala jokatuko duela buruz buruz, txapelketa nagusietan hamabosgarrena guztira. Zain izango du finalean Unai Laso, ekainaren 2an, Bilboko Bizkaia frontoian.
Txapelketako partida onena jokatu du Altuna III.ak gaurkoan, baina espero du azkenekoa hobea izatea. «Lehen partidan kolpe handia hartu nuen, eta batzuetan ondo etortzen da. Finalerdietarako sailkatzeko zortea izan dut, eta gaur partida ona jokatu dut. Berak ez du berea ema, eta niri dena atera zait. Sakatzen ondo aritu naiz, eta lehen pilotakada ona egiten baduzu, gero mina ematen duzu. Iñakik ez du hain ondo sakatu». Hasieratik abantaila hartzea zuen helburu, eta lortu du. «Berak txapelketan zehar abantaila hartu izan du, eta atzetik hasten zarenean aldatu egiten dira gauzak. Lortu dut finalera sailkatzea, eta izugarri kontentu nago. Kanpoko iritziei begiratu gabe, nire lana egiten aritu naiz eta emaitzak eman ditu». Beste final baten izatea «gauza handia» dela esan du amezketarrak. Faboritoa Laso dela esan du: «Orain arte jokatutako bere aurkako partidetan faboritoa ni naizela esan izan da, baina oraingoan bera izango da. Hortzak estutu eta irabaztera joango naiz». Partida ondo bukatu duela esan du eta aste hau indarrak osatzeko erabiliko duela.
Bere aldetik, Artolak onartu du Altuna bera baino gehiago izan dela: «Sekulako aurkaria izan dut. Badakigu zenbat jokatzen duen eta gaur inspiratuta zegoen. Berak markatutako erritmoan jokatu dut, berak jarritako musikaren dantzan. Ez da joarekin bakarrik mina egiten, baita intentsitatearekin eta erritmoarekin. Hanketara asko jokatu dit, eta tantoa egiten zidan. Merezimendu osoz irabazi du eta markagailuak hori erakutsi du». Aurreko partidetan oso ondo sakatu du alegiarrak, baina gaurkoan ez du asmatu: «Ez dut batere sakatu. Botea gaizki eragiten nion, eta tantoa egitea lortu ditudanak abiadura eman gabe izan dira, pilota berriak zirelako eta paretan okertu egin direlako, baina ez sakea ona zelako. Beste sakeak ahulak izan dira, eta bigarrenean defentsan jarri behar izan dut». Finalera ez delako sailkatu kolpea hartu duela esan du Artolak: «Galdu izana baino, nirea eman ez izanaren pena dut. Orain arteko partida kaskarrena jokatu dut; berak deseroso sentiarazi dit, baina nik ez dut nirea eman. Ez dut gozatu pilota, gorputzaldia ere ez nuen aurrekoa, oso motel sentitzen nintzen».
Altunak 18 tanto egin eta 5 galdu ditu, eta Artolak 5 tanto egin eta 4 galdu.