Ia 3.000 musikari batuko dituzte Musikaldi eta Musikherria jaiek, maiatzaren 25ean

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 16a, 19:59

Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak bi urtero egiten duen Musikaldi topaketaren barruan, emanaldiak izango dira, goiz osoan zehar, Tolosako eta Ibarrako zortzi gunetan. Musikherriak 10. urteurrena ospatuko du aurten, eta 18 taldek parte hartuko dute; bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude.

Urtero bezala, maiatzeko azken asteburuan ospatuko da Tolosan Musikherria, kaleko musikaren eta musikarien festa. Aurten Musikaldi ere batuko da, bi urtez behin Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak egiten duen topaketa. Izan ere, aurten Tolosako Eduardo Mocoroa eta Ibarrako Loatzo Musika Eskolek antolatu dute jaia, elkarlanean, bi herrietako udalen babes eta laguntzarekin.

Musikaldi eta Musikherria jaien ospakizunarekin, beraz, Tolosa eta Ibarra musikaren hiriburu bilakatuko dira maiatzaren 25ean. Ia 3.000 musikarik hartuko dituzte bi herrietako kaleak, adin guztietako publikoari zuzendutako musika emanaldien egitarau anitz eta zabala eskainiz. Bi hitzorduak gaur aurkeztu dituzte Zumandiaundian, Musikaldiko agertoki nagusian.

Andu Martinez de Rituerto eta Igor Zapirain Tolosako eta Ibarrako alkateek zoriondu egin dituzte Eduardo Mocoroa eta Loatzo musika eskolak, ikasturtean zehar egiten duten lanagatik, eta eskerrak eman dizkiete Musikaldi jaia prestatzeko egindako lanagatik. «Musikak oroitzapenak eta sentimenduak sortzen dizkigu, eta hori egingo dugu Musikaldian», esan du Zapirainek. «Herritarrok emaitzaz gozatuko dugu, baina honaino iritsi aurretik egindako lanari balioa eman behar zaio, eta aurten, elkarlana nabarmendu nahiko nuke», gaineratu du Tolosako alkateak. Biek ere, herritarrak gonbidatu dituzte hilaren 25eko ekitaldira: «Festa herrikoia izango da».

Euskal Herri osoko 53 musika eskola

Bi urtez behin, Musikaldik, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen topaketak, herritik herrira egiten du salto eta aurten Tolosak eta Ibarrak hartuko dute. «Hain zuzen, jaialdiaren helburu nagusia da elkartea osatzen duten ikasle eta irakaslegoa elkartzea, ezagutzea eta modu bateratuan kontzertuak lantzea. Helburu horretatik abiatuta, antolaketa bera ere modu horretara egin dute, elkarlanean. Horregatik, ‘Musikonexioa’ izango da jaiaren leloa, bi eskolak, bi herriak eta Euskal Herriko gainerako eskolak elkar konektatuko direlako», azaldu du Amaia Lizasok, Eduardo Mocoroa musika eskolako zuzendariak.

Aurtengo jaiak Euskal Herri osoko 53 musika eskola batuko ditu. Parte hartzaile gehienak Loatzo Musika Eskolako eta Tolosako Eduardo Mocoroa Musika Eskolakok izango dira. Guztira, 2.700 pertsona inguru elkartuko dira; 500 bat lagun abesbatzetan, 450 inguru trikititxa taldeetan eta ia 400 pertsona musika bandetan. Guztiak arituko dira Tolosa eta Ibarrako kaleak musikaz girotzen.

Egun osoan zehar, 15 musika genero eta estilo ezberdinetako 200 talde baino gehiagoz gozatu ahal izango da. Horien artean daude, besteak beste, musika bandak, ganbera taldeak, harizko orkestrak, dultzaina, akordeoi edota txistulari taldeak, konboak, abesbatzak eta dantza taldeak (balleta, euskal dantza, garaikidea...). Behar bereziak dituzten 100 ikasle baino gehiagoko bandak ere parte hartuko du; jaialdiari hasiera emango dion ekitaldian egingo dute kontzertua, Donostiako musika eskolako ikasleen bandarekin batera.

Ohorezko izendapena

Hain zuzen ere, zortzi gunetan izango dira kontzertuak, goiz osoan zehar. «Gune nagusia Zumandiaundia izango da, bi herrien lotura puntua, alegia. 10:00etan emango zaio hasiera jaialdiari bertan. Ekitaldi berean, pertsona edo talde batek Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen ohorezko izendapena jasoko du, euskal kulturari egindako ekarpenagatik; eta bi urte barru Musikaldi antolatuko duen herriak ere lekukoa hartuko du», azaldu du Kristina Rodrigez Loatzo musika eskolako zuzendariak.

Tolosan, beste lau gunetan izango dira emanaldiak: Topic-en ganbera-musika kontzertuak eskainiko dira, Alondegi plazaren eta Beotibar frontoiaren artean, banda eta konboak arituko dira, Herrikide ikastetxean abesbatzak eta akordeoi taldeak elkartuko dira eta Leidorrek ballet eta dantza garaikideko emanaldiak jasoko ditu. 

Ibarran, Azkue plazan, euskal dantzak eta txistuak izango dira; udaletxeko plazan, bandak eta harizko orkestrak; eta Emeterio Arresen, abesbatzak eta trikitixak. Horrez gain, kaleetan zehar kalejirak egingo dituzte musika banda eta akordeoi, dultzaina eta trikitixa taldeek. Arratsaldean jaiak jarraipena izango du, Ibarrako kaleetan, Distopia elektrotxarangaren erritmoan.

Kaleko musikaren egunak, 10 urte

Aurten, Musikherriak, Tolosan ospatzen den kaleko musikaren egunak, 10. urteurrena betetzen du, eta, urtero legez, musika Tolosako auzo askotara helaraziko du. Aurten 18 taldek parte hartuko dute. 10:00etatik aurrera, kalejirak izango dira San Blas, Amarotz, Berazubi, Iurre, Izaskun, Arramele eta San Esteban auzoetan, eta ondoren, Tolosako erdigunera igaroko da jai giroa. Eguerdian, bi lekutan kontzertuak egingo dira: Lopez Mendizabalen konboak entzuteko aukera izango da; Plaza Berrian, berriz, abesbatzak eta akordeoiak izango dira protagonista.

Urtero moduan, herri bazkaria egingo dute Zerkausian, Laskorain Ikastolako ikasle eta gurasoek prestatuta. Irabaziak Zutani elkartera bideratuko dira. Bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude Orbela eta Xirimiri tabernetan, helduentzat 15 euroko salneurrian, eta 14 urtetik beherakoentzat 10 eurotan.

18:30etik aurrera, Euskorleans taldeak New Orleanseko soinuak ekarriko ditu Tolosara, eta egunari amaiera emateko, gauean, Komando Funk eta Tapia eta Leturiaren kontzertuak izango dira Plaza Berrian. Abesti ezagunen bertsio dantzagarriak gerturatuko ditu Komando Funk taldeak, groove, swing, jazz eta funk erritmoetara egokituta. Tapia eta Leturia, berriz, banda osoarekin batera arituko dira.

Musikaldi 2024
  • 9:30-10:00. Parte hartzaileen iritsiera.
  • 10:00. Aurkezpen ekitaldia, Zumardiaundian.
  • 11:00. Baleta, dantza modernoa, Leidor antzokian eta musika banden kalejirak Tolosako eta Ibarrako kaleetan zehar.
  • 11:15. Kontzertuak.
    • Herrikide: Eskusoinuak
    • Alondegia/Frontoia: Konboak
    • Zumardiaundia: Konboak
    • Ibarrako Plaza: Orkestra
    • Emeterio Arrese: Trikitixak
    • Azkue: Txistuak
  • 12:00. Ganbera taldeak Topic-en eta txistulari, dultzainero, trikiti eta eskusoinu taldeen kalejirak Tolosako eta Ibarrako kaleetan zehar
  • 12:45. Kontzertuak.
    • Emeterio Arrese: Abesbatzak
    • Herrikide: Abesbatzak
    • Alondegia: Banda
    • Ibarrako Plaza: Banda
    • Azkue: Euskal dantza
  • 13:00. Gitarra-jotzaileen kontzertua Leidor antzokian.
  • 13:30. Amaiera ekitaldia Tolosako Kasino elkartean: zuzendari eta irakasleen topaketa eta oroigarrien banaketa.
  • 17:00. Distopia elektrotxaranga, Ibarrako kaleetan zehar.

Musikherria 2024
  • 10:00. Tolosako Dultzaineroak, Giro Arte Dultzainero Taldea eta Jainekin Txaranga, Amarotz, Berazubi, Iurre, Izaskun, Arramele eta San Esteban auzoetan.
  • 11:00. Udaberri Fanfarrea, Konponezinak txaranga, Isidro Larrañaga Musika Eskolako ikasleak eta Uztaritzeko Herri Soinua elkartea erdiguneko kaleetan.
  • 12:00. Emanaldiak.
    • Alde Zaharra: Tolosa Kantari
    • Lopez Mendizabal plaza: Diversity, Garigabeak, The Konbix eta Garena taldeak
    • Plaza Berria: Hodeiertz abesbatza, Lask abesbatza eta Isidro Larrañaga akordeoi orkestra.
  • 14:30. Herri bazkaria Zerkausian.
  • 18:30. Euskorleans Alde Zaharreko kaleetan.
  • 22:00. Komando Funk Plaza Berrian.
  • 00:00. Tapia eta Leturia Plaza Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!