Baserritarrei omenaldia eskualdeko herrietan

Ataria 2024ko mai. 14a, 18:00

Joan den urteko San Isidro egunean sega erakustaldia egin zuten, Gaztelun. LEYRE CARRASCO

Urtero bezala, San Isidro eguna bihar ospatuko dute eskualdeko hainbat herritan; astearen bukaeran ospatuko dute, berriz, beste zenbait herrik.

Bihar, maiatzaren 15a, baserritarren eguna da eta, horren harira, jarduerak antolatu dituzte hainbat eta hainbat herritan. Leku gehienetan bihar bertan ospatuko dute eguna, baina bada festa astebururako gorde duenik ere.

Zizurkilen, Maiatza Saltsan egitarauren barruan antolatu dute San Isidro eguna eta goizetik arratsaldera izango dituzte jarduerak. 12:30ean herri kirolak egingo dituzte Intxaur frontoian. Harria jasotzen Lierni Osa eta Ainitze Zumeta ariko dira eta aizkoran, berriz, Julen Gabirondo eta Joseba Otaegi. Bazkaria 14:00etan izango da, Iriarten; eta, bazkalostean, Beñat Iguaran eta Asier Azpiroz bertsolariek abestuko dute. Eguna bukatzeko, 18:30ean hasiko dira Intxaur frontoian umeen pilota partidak.

Asteasun, 11:00etan izango da meza eta, 11:40ean, kirol erakustaldia egingo dute herriko umeek, plazan. Ondoren, leku berean, barrikotea egingo dute trikitilariek girotuta. Bazkaria 14:00etan hasiko da Iturriondo jatetxean eta, bazkalostea, Sustrai Colina eta Onintza Enbeita bertsolarien saioa izango da. Bazkarirako txartelak Iturriondo jatetxean daude salgai.

Berastegin ere antolatu dituzte hainbat jarduera. 13:00etan udaletxetik abiatuko da prozesioa San Martin elizara, eta txistulariek lagunduko diete. Meza 13:15ean hasiko da, eta herriko haur dantzariek eta bertsolariek ere parte hartuko dute. Geroago, 14:00etan, bazkaria udaletxeko erabilera anitzeko gelan egingo dute eta, ondoren, trikitilariek girotuko dute bazkalostea.

Alkizan, berriz, baserritarren bazkaria egingo dute. 14:00etan hasiko da, herriko ostatuan. Eta, Berrobin, afaria egingo dute 20:30etan.

Amasan, 10:00etan meza egingo dute San Martin elizan eta, bukatutakoan, bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute bazkalordura arteko tartea. Jarraian, bazkaria Uxo Toki elkartean izango da.

Aste amaierako jarduerak
Orendainen ostiralean –maiatzaren 17an– ospatuko dute San Isidro eguna. 13:00etan meza izango da elizan eta bazkaria 14:00etan egingo dute ostatuan.

Baliarrain larunbatean, hilaren 18an, hainbat jarduera egingo dituzte: 12:00etan Irabi Azpiko Edurne Jauregiri esker ona adierazteko ekitaldia egingo dute balio anitzeko gelan. 13:30ean, bazkari herrikoia egingo dute tabernan; eta, eguna bukatzeko, 18:00etan hasiko da Ibiur Harria harri-jasotze txapelketa. Bazkarirako txartelak aurretik eskuratu beharko dira, tabernan.

Gaztelun, berriz, igandean ospatuko dute, eta horretarako, Udaberriko Mahala Sega Saria izango dute jokoan, 11:30etan, Gazteluko sega-zelaian. Gazteluko Herri Kirol Taldeak, heldu zein gaztetxoen arteko sega saioa antolatu du. Gaztetxo eta helduen artean osatuko dituzte bikoteak, eta binaka txanda librean arituko dira segalariak. 

 
San Isidro egitarauak
  • ZIZURKIL
    • BIHAR, MAIATZAK 15.
      12:30. Intxaur frontoian herri kirolak: harria jasotze eta aizkora. 
      14:00. Iriarte jatetxean bazkaria eta bertsolariak.
      18:30. Umeen pilota partidak Intxaur frontoian.
  • ASTEASU
    • BIHAR, MAIATZAK 15.
      11:00. Meza.
      11:40. Kirol erakustaldia, plazan eta, ondoren, barrikotea.
      14:00. Bazkaria eta, jarraian, bertsolariak.
  • BERASTEGI
    • BIHAR, MAIATZAK 15.
      13:00. Prozesioa San Martin elizara.
      13:15. Meza.
      14:00. Bazkaria eta, ondoren, trikitilariak.
  • ALKIZA
    • BIHAR, MAIATZAK 15.
      14:00. Bazkaria herriko ostatuan.
  • AMASA
    • BIHAR, MAIATZAK 15.
      10:00. Meza eta, bukatutakoan, bertsolariak eta trikitilariak.
      Jarraian. Bazkaria Uxo Toki elkartean.
  • BERROBI
    • BIHAR, MAIATZAK 15
      20:30. Afaria.
  • ORENDAIN
    • MAIATZAK 17, OSTIRALA.
      13:00. Meza.
      14:00. Bazkaria.
  • BALIARRAIN
    • MAIATZAK 18, LARUNBATA.
      12:00. Omenaldia Irabi Azpiko Edurne Jauregiri.
      13:30. Bazkari herrikoia.
      18:00. Ibiur Harria harri jasotze txapelketa.
  • GAZTELU
    • MAIATZAK 19, IGANDEA.
      11:30. Udaberriko Mahala Sega Saria, sega-zelaian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!