Amezketa, Altzo eta Tolosa final zortzirenetan lehiatuko dira

Ataria 2024ko maiatzaren 13a

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa final zortzirenetara iritsi da, eskuz nahiz gomazko paletaz. Eskualdeko hiru ordezkari bakarrik geratzen dira txapelketan: Altzo eta Amezketa eskuz, eta Tolosa gomazko paletan. 

Bidean, eskuz, Amasa-Villabona, Tolosa eta Aduna geratu dira. Final hamaseirenetako kanporaketa ez zuten gainditu hauek. 
Amasa-Villabonak Bergararen aurka sei partidak galdu zituen; hiru joanekoak eta hiru itzulerakoak. Aduna Azkoitiak utzi zuen txapelketatik kanpo, nahiz eta jubenilen arteko bi lehiak eskualdekoek irabazi. Azkenik, Tolosak Beasainen aurka galdu zuen, kadeteetako partidak irabazita. 

Final zortzirenetan, Altzo lehian sartuko da. Zaldibiaren aurka jokatuko dute esku pilotan. Joaneko partidak Zaldibian izango dira ostiralean, 20:00etatik aurrera. Amezketaren aurkaria Bergara izango da eta hauek ere itzulerakoa etxean jokatuko dute. Gomazko paletan, Tolosako taldeak Oiartzunen aurka jokatuko du. Kasu honetan eskualdekoek joaneko partidak etxean jokatuko dituzte eta itzulerakoak Oiartzunen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!