Buruz buruko finalean eskualdeko ordezkari bat egongo da

Ataria 2024ko maiatzaren 13a

Iñaki Artolak eta Jokin Altunak igandean jokatuko dute finalerdietako partida, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Ekainaren 2an jokatuko da buruz buruko txapelketaren finala, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Artola edo Altuna III.a bertan izango dira. Igande honetan jakingo da eskualdeko ordezkaria zein den.

Finalerdietarako txartela lortzen azkena Jokin Altuna izan da, atzo, Dariori 22-19 irabazi ondoren. B multzoko bigarren postua lortu du amezketarrak final-laurdenetako ligaxkan. Finalerako bidean, beraz, A multzoko lehen sailkatua izango du aurkari igandean, hau da, Iñaki Artola. 

Darioren aurkako partida Eibarko Astelena pilotalekuan jokatu zuen Altuna III.ak. Tentsio handiko lehia izan zen, irabazleak aurrera egiten zuelako eta galtzailea etxera zihoalako. Amezketarra bikain hasi zen, 7-1 aurreratuz. Ondoren errioxarraren erreakzioa etorri zen baina Altuna III.ak aldeari eustea lortu zuen, 18-12 jarriz. Bigarren atsedenaldi luzearen ostean, Dariok bere ahala erakutsi zuen partida berdintzea lortuz. Zailena egina zuenean, errioxarrak ez zuen 22ra iristeko biderik aurkitu, eta Amezketako txapeldunak ez zuen barkatu. 

Txapelketako partidarik gogorrena jokatu zuten Aspeko bi aurrelariek. Altuna III.aren esanetan, aste hau atseden hartzeko erabiliko du, gorputza ehuneko ehunean prest edukitzeko iganderako. Iñaki Artola bi asteko atsedenaldiaren ondoren iritsiko da finalerdira.
Beste finalerdia Lasok eta Zabalak jokatuko dute larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehia honetan nafarra izango da faborito garbia. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!