Inauterietako pilotakadaren auzia

«Botilak jaurtitzen ari ziren pertsonekin batera zegoen»

Ataria 2024ko maiatzaren 8a

Josu Erkoreka, goizean, Radio Euskadin. EITB

Josu Erkoreka jarduneko Segurtasun sailburuak esan du Tolosako inauterietan Ertzaintzaren pilotakadak zauritutako gaztea ez zegoela han kasualitatez, «nahiz eta ez zaion botilak jaurtitzen ikusten».

Tolosako Inauterietan Villabonako Xuhar Pazos gaztea ertzaintzaren pilotakada batek zauritu zuen gertakariaren inguruan, Josu Erkoreka jarduneko Segurtasun sailburuak Radio Euskadin azaldu duenez, «leku estrategikoan eta berariaz» kokaturiko kamera batek «ederki» grabatu zuen guztia. Informazio guztia epailearen eskuetan dagoela baieztatu du, hark kasuaren nondik norako guztien jakitun dela, eta laster emango duela ikerketaren emaitza.

Bestalde, Ertzaintzak indarkeria jarrera izan zuela diotenen inguruan, atestatuak zein lekukotzak ezagutzen dituela adierazi du: «bideoan ikusten da Ertzaintzaren agenteak gertakariaren lekura liskar batengatik deituak izan zirelako joan zirela. Eta, behin liskar horretako eragileak identifikatu eta dagozkion tramiteak egin ostean, ertzainak erretiratzera doazenean, harriak eta botilak botatzen hasten zaizkie. Orduan, foam jaurtigai bat botatzen dute agenteek eta pertsona bati besoan eman ostean, errebotez ematen dio han zegoen pertsonari. Han baitzegoen. Eta ez kasualitatez esan den moduan, baizik eta botilak jaurtitzen ari ziren beste pertsonekin batera zegoen, nahiz eta berari ez zaion botilak jaurtitzen ikusten. Pertsona horri errebotez, eman zion jaurtigaiak aurpegian».

Bada, Erkorekak berretsi du, «polizia demokratiko guztiekin gertatzen den moduan», epailea izango dela «proportziorik eza» egon zen edota ertzaintzaren jokabidea «basatia» izan zen ebatziko duena.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!