Historiaurreko miaketak egin ditu Aranzadik Oria arroan

Jon Miranda Labaien 2024ko mai. 9a, 07:59

Lehen kanpainako emaitzak aurkeztu eta «itxaropentsu» egoteko modukoak direla esan dute ikerlariek; bailarako ondare arkeologikoa «aberatsa» dela uste dute.

Historiaurreko aztarnen bila ari da Aranzadi zientzia elkartea Oria ibarrean. Zehazkiago esateko, 2023ko indusketa kanpainan eskualdeko hainbat kobazulotan egin du miaketa eta arrasto batzuk topatu ditu. Aranzadiko Amaia Arranz eta Jon Aldaia ikerlariek burutu dute arkeologia lana, besteak beste, Larraulgo, Albizturko eta Amasa-Villabonako udalen babesarekin. Iazko kanpainan aurkitutakoaren berri eman du Aldaiak jendez betetako Subijana etxean.

Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzuek eskerrak eman dizkie Aranzadi zientzia elkarteko kideei. «Lehen kanpainako emaitzak oso itxaropentsuak izan dira eta agerian uzten dute bailarako ondare arkeologikoaren aberastasuna», esan du Unzuek. Proiektuaren zuzendariek indusketekin jarraitzeko asmoa dute aurten eta herritarrei eskura duten edozein informazio luzatzeko eskaera luzatu diete. «Gu beti kobazuloen inguruan galdezka ibiltzen gara batean eta bestean, guretzako edozein informazio baita baliotsua». Amasako lurretan, Garmendi baserriaren inguruan topatu duten koban eta Aranerrekako harpean jarraituko dituzte abuztuan indusketa lanak. Laguntzeko interesa dutenek edo gaiaren inguruan gehiago ikasi nahi dutenek Aranzadi zientzia elkartearekin harremanetan jarri daitezkeela esan du Aldaiak, 943 46 61 42 telefono zenbakian.

Subijana etxean egindako aurkezpenean Amasa-Villabonako udalerrian egindako aurkikuntzetan jarri dute bereziki arreta, eta alkateak nabarmendu du Aranzadikoek «aurkikuntza oparoak» egin dituztela Erretenazpiko koban, Garmendi baserriaren aldameneko koban, Aranerrekako harpean eta Irañetako tumuluan. «Espektatiba nahikoa onak» dituztela esan du Aldaiak. «Burdin Aroko aztarnategi gutxi ezagutzen dira Gipuzkoan eta ezagutzen diren horiek herrixkak dira. Beti argudiatu izan da gune horretatik kanpo sakabanatutako habitatetan bizi zirela garai hartako gizon-emakumeak. Orain arte, ordea, ez da aztarnarik topatu».

Aranerrekako harpean topatutako zantzuek itxaropentsu egoteko arrazoiak eman dizkiela dio Aldaiak. Udaleko brigada eta hainbat boluntarioren laguntzaz gunea garbitu ondoren, sutondo baten aztarnak topatu dituzte bertan. Aurkitutako ikatz bat datatu ondoren, lehen Burdin Arokoa dela jakin ahal izan dute ikerlariek, duela 2.500 urtekoa. Horrekin batera, zeramika zatiak topatu dituzte. «Bizileku on bat izan zela dirudi», aipatu du Aranzadiko kideak. Aurten eremu zabalago bat irekiko dute Aranerrekako harpean.

Asmo berdinekin dabiltza Garmendiko koban ere. Iaz egindako indusketetan elementu «interesgarriak» topatu dituztela esan du Aldaiak. «Oso txikia da kobazuloa baina gauza bitxi batekin egin dugu topo: harri pila bat aurkitu dugu. Nahikoa argi geratzen da gizakiak egindako egitura bat dela. Ez dakigu hesi bat den, edo plataforma bat, edo zehazki zer den». Zeramika pieza bat ere topatu zuten harrizko egituraren oinean, «oso fina» gainera. Ikerlariek aipatu dute Garmendiko pieza Burdin Aroko zenbait aztarnategitan topatutakoen gisa berekoa dela. «Tornuz egindako lehen zeramiken antzekoa da, segur aski Kristo Aurreko lehen mende ingurukoa, eta horrelakoak, Gipuzkoan, Basagainen eta Muñoaundin baino ez dira topatu orain arte, beti aire librean, inoiz ez kobazulo batean».

Aranzadiko kideek uste dute, «seguruena», Anoetako herrixkarekin lotuta egongo dira toki hauek. «Basagainen bizi zirenak inguruko lurrak ustiatuko zituzten eta animalien ibiliko ziren batetik bestera. Kobazulo horiek ez dakigu zertarako erabiltzen zituzten, baina ziur xamar dakiguna da aurkikuntza hauek bizitoki sare horrekin dutela zerikusia», esan du Aldaiak.

AURKIKUNTZA GEHIAGO

Proiektua ez dute Amasa-Villabonan bakarrik garatu eta Oria ibaiaren arrora zabaldu dute. Eskualdeko beste zenbait koba ere ikertu dituzte Aranzadiko kideek: Albizturren Mendikute, Beñaran eta Kobalde; Bidanian Arratesaletxe; Ibarran Lizaratzu; Iruran Laskibar; Larraulen Lanberzar I eta Lanberzar II; eta Tolosan Oaska. Itsasondoko Udalak ere hartu du parte egitasmoan eta han beste hiru kobazulo ikertu dituzte.

Neolitiko-Kalkolitikotik hasita, Burdin Aroko eta Goi Erdi Aroko aztarnategiak aurkitu dituzte, beraz, Aranzadiko kideek Oria ibaiaren arroan egindako indusketetan. Kobazuloetan ikertzen jarraituko dute 2024an, giza arrasto horiek jarraituz garaiko testuinguruaz gehiago jakiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!