Bidegorrian argiak jartzeagatik eskertuta daude txaramarrak

Ataria 2024ko maiatzaren 8a

Txaramako festa batzordeak Amarozko auzo elkarteari eskerrak eman dizkio, «bidegorriko argiak direla eta, jasotako babesa eta laguntzagatik». Ostiralean, Txaramatik Amarotzera kalejiran joango dira, eta ondoren, Txaramako elkartean afari-merienda egingo dute.

Txaramako festa batzordetik eskerrak eman dizkie Amarozko auzo elkarteari, «Amarotz eta Txarama auzoen arteko bidegorrian argiteria publikoa jartzeko, emandako babesa eta laguntzagatik».

Bada, hori eskertzeko, ostiral honetan, hilaren 10ean ekitalditxo bat antolatu dute. Hain justu, Txaramako plazan 19:00etan elkartzeko deia egin dute, eta handik kalejiran Amarozko bizilagunei harrera egitera joango dira. Ondoren, Txaramara elkarrekin itzuliko dira, eta bidean, bidegorrian kokatuko duten banku berrian geldialdia egingo dutela esan dute. 

Behin Txaramara iritsita, elkartera joko dute, eta han afari-merienda egingo dute. Horretarako, auzotarrak patata tortillak egitera animatu dituzte. Tortillak egitera animatzen direnak 19:00ak baino lehen elkartetik pasatzeko deia egin dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!