Ostiralean hasiko dute Maiatza Borrokan

Aitor Arroyo Askarai 2024ko maiatzaren 8a

Joan den urteko Maiatza Borrokan egitarauaren aurkezpena.

Saharari elkartasuna adierazteko jarduerak egingo dituzte, besteak beste, hitzaldiak, erakusketak eta Berazubin Bueltaka egitasmoa.

Aurten ere Maiatza Borrokan sentsibilizazio jardunaldiak antolatu ditu Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Ostiral honetan, maiatzaren 10ean, egingo dute lehen jarduera, hain zuzen, Tolosako Bidaiariaren txokoan Ali Salem idazlearen Amor en la villa del mar blanco (Maitasuna itsaso zuriaren hiribilduan) liburua aurkeztuko dute Fronte Polisarioaren 51. urteurreneko efemeridea baliatuz.

Azken jarduera, berriz, maiatzaren 26an egingo dute: Tolosako Berazubi estadioan Bueltaka egitasmo solidarioa. Errefuxiatuei laguntzeko dirua lortzeko euro bateko dohaintza eskatuko dute pistari emandako itzuli bakoitzeko.

Maiatzaren 13tik 17ra Anoetan «Sahara, lurralde okupatuak» erakusketa egongo da ikusgai; eta, hilaren 14an, bisita gidatua egingo du Garazi Hach Embarek ekintzaileak.

Maiatzaren 15ean, berriz, Alegian hitzaldia emango du Tateh Lehbib ingeniari eta ekintzaile sahararrak, zeina ezagun egin den 25 etxe eraiki zituelako plastikozko botilak eta hondarra erabilita.

Antolatzaileen hitzetan, jardunaldiak «oso garrantzitsuak» dira Tolosaldeko biztanleek uler dezaten zein den saharar herriak bizi duen errealitatea. Eta hari berari tiraka azaldu dute «denetariko jarduerak» antolatu dituztela sahararren errealitatea «modu ezberdinetan» ezagutarazteko.

DATOZEN ASTEETARAKO JARDUERAK
  • Maiatzak 10. Tolosako Bidaiariaren txokoan, 18:30ean, Ali Salemen liburuaren aurkezpena.
  • Maiatzaren 13tik 17ra. Anoetako liburutegian «Sahara, lurralde okupatuak» erakusketa. Ikusgai liburutegiaren ordutegian.
  • Maiatzak 15. Alegiako udaletxeko ganbaran, 18:00etan, Tateh Lehbiben hitzaldia.
  • Maiatzak 18. Ikaztegietan egun osoko egitaraua: liburu aurkezpenak, bazkaria eta zuzeneko musika.
  • Maiatzak 20.
    • Tolosako Elosegi parkean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen pagoa landatzea, 17:00etan.
    • Amasa-Villabonako plazan, elkarretaratzea, 19:00etan.
  • Maiatzak 26. Tolosako Berazubi estadioan, 9:30etik 13:30era, Bueltaka jarduera solidarioa.
Erlazionatuak

Ikaztegieta eta Sahara, bat

Aitor Arroyo Askarai 2024 mai 08 Ikaztegieta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!