Ama taldea sortu dute Andragoran

Ataria 2024ko mai. 7a, 07:59

Saio irekiak egiten dituzte, asteartero, Tolosaldeko Emakumeen Etxean, 10:30etik 12:30era. Amaren zaintza erdigunean jartzea da taldearen helburua, eta ama izan berri diren eskualdeko emakume guztiei luzatu diete gonbita.

Ama izan berri diren emakume batzuk, talde bat sortu dute Tolosaldean. Elkar ezagutza eta babes sare bat da, haurraren zaintza baino, amarena erdigunean jartzeko. «Osakidetzeko laguntza taldeetan elkar ezagutu genuen gutako batzuk, baina denbora bat pasa ondoren, ama berriei lekua egiteko joateari utzi genion. Hala ere, elkartzen jarraitzeko beharra genuela ikusita, Andragoran biltzeko ideia sortu zitzaigun. Deialdi irekia egin eta jende gehiago batu da taldera», azaldu dute.

Saioak irekiak dira, eta ama izan berri diren eskualdeko emakumeei zuzenduta daude; ez da izena eman behar. Astearteetan, 10:30etik 12:30era bitarte, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearen atzeko espaziora azaltzearekin nahikoa da.

25 ama inguruko taldea elkartzen da astero: «Askotarikoa da taldea. Ikuspegi, bizipen eta pentsaera desberdinekoak gara guztiak, baina denok partekatzen dugu ama izaera, eta baditugu behar amankomun batzuk. Horiek erdigunean jartzen saiatzen gara». Asteartetan egiten dituzte saioak, Osakidetzako saioetara ere joaten diren amek bietara joateko aukera izan dezaten. Biak ala biak bateragarriak dira.

Saioak topaleku eta babesgune bat dira parte hartzen duten amentzat, izan ere, esperientzia eta kezkak elkarbanatzeko elkarrizketak sortzen dituzte. «Gai asko jorratzen ditugu: zaintza, edoskitzea, emozioak, lan egoerak, arazoak, rolak, egunerokoan zalantzak… Elkarrizketa informalak dira, baina giro lasai batean elkar entzutea ariketa mesedegarria da denontzat. Lurrean koltxonetak bota eta lasai aritzen gara hizketan. Batzuk haurrarekin azaltzen dira; beste batzuk ez. Elkarrizketek irauten duten bitartean, haurrekin ariketak ere egiten ditugu. Dinamika erabat librea da eta goiz atsegina pasatzen dugu taldean».

Aurrerago, haur eta amen inguruko ikastaro, tailer edota hitzaldiak antolatzeko nahia ere azaldu dute. «Bide bat hasi baino ez dugu egin, eta denon artean ikusiko dugu norantz jo. Ideia ugari atera dira, eta ongi etorriak izango dira batu nahi duten ama guztiak».

Bestelako hiru saio Andragoran

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak hiru saio antolatu ditu aste honetarako. Gaur, maiatzak 7, Maitena Monroy izango da etxean, Autodefensa feminista liburua aurkezten. Gaztelaniaz izango da saioa, 19:00etan hasita.

Etzi, maiatzaren 9an, osteguna, Cristina Chiquin argazki-kazetari guatemaldarra joango da Andragorara. Chiquinek, Guatemalako emakumeen justizia prozesuak eta erreparazio bilaketa azalduko ditu La búsqueda II solasaldian. Gaztelaniaz izango da saioa, 18:00etan hasita.

Azkenik, ostiralean, hilak 10, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak eta Palestinarekiko Erantzukizuna plataformak antolatuta, La Resistencia Palestina hitzaldia egingo du Reem Damdanek. Alkarama emakume palestinarren mugimendu feministako kidea da Damdan. Gaztelaniaz izango da saioa, 19:00etan hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!