Donibane Lohizuneko erailketa salatzeko elkarretaratzeak, gaur

Ataria 2024ko maiatzaren 6a

Uztailean egindako elkarretaratze baten artxiboko irudia.

Emakume bat hilda aurkitu zuten pasa den ostiralean, Donibane Lohizuneko hotel batean, eta mugimendu feministak elkarretaratzeak deitu ditu gaurko erailketa salatzeko.

Emakumea pasa den ostiralean topatu zuten hilda Donibane Lohizuneko hotel batean (Lapurdi) eta andrearen bikotekidea atxilotu zuten. Emakumeak 33 urte zituen eta lehen zantzuek erakusten dutenez, emakumearen hilketa «krimen bortitza» izan zen. Mugimendu feministak elkarretaratzeak deitu ditu gaurko; Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian 18:30ean elkartuko dira, Anoetako plazan 19:00etan, eta Tolosako Trianguloa plazan, ordu berean, 19:00etan. 

Tolosako Udalak irmoki gaitzetsi du Donibane Lohizunen gertatutakoa eta eraildako emakumearen familiarekiko eta gertukoekiko elkartasuna adierazi du. Halaber, bat egingo du Tolosako Asanblada Feministak arratsalderako deitutako mobilizazioarekin.

«Herriko mugimendu feministarekin eta eragile sozialekin elkarlanean, indarkeria matxista desagerrarazteko borrokan jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, indarkeria matxistarik gabeko herri baterantz urratsak emanez», adierazi du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!