ERREPORTAJEA

Bertsolaritza performatzen

Leyre Carrasco 2024ko mai. 3a, 07:59

'Itzaliko Bagina' Loraldian estreinatu zuten. UNAI MATEO

Bertsotik haratago doazen auziei erantzuna eman nahi die Lokatz Loreak sormen taldearen Itzaliko bagina ikuskizunak, «egungo jendarte indibidualistari kritika eginez kolektiboaren aldarrian». Amasa-Villabonako Gurea antzokian ikusteko aukera izango da, maiatzaren 5ean, 19:00etan.

Bertsoa oinarri duen antzerki ikuskizuna da Itzaliko bagina, edo Iraitz Lizarraga (Zizurkil, 1979) zuzendariak dioen moduan, «bertsolaritza performatzen». Asmo nagusia, «egungo jendarte indibidualistari kritika egitea da, kolektiboaren aldarrian». Esaterako, generoaz, familiaz, osasun mentalaz eta meritokraziaz jarduten dira pertsonaiak, besteak beste. «Malgu, ahul eta haragizko aurkezten dira fokupean eta bertsoa gidoiaren oinarritzat izan arren, haren estrukturetatik aldentzeko ahalegina egingo da».

 

Iraitz Lizarraga: «Egungo jendarte indibidualistari kritika egiten dio, kolektiboaren aldarrian»



Itzalak elementu garrantzitsuak dira obran, baita koloreak ere. Oihal baten gibelean proiektatzen dituzte, pertsonaien barne munduaren isla gisa. Bizitzan zeharkatu dituzten bizipen batzuk antzezten dituzte, identitatearen jiran dabiltzanak: lotsa, lehia eta gorputza. Pertsonaia bakoitzak bat irudikatzen du, bere kolorearekin. Antzezlanak aurrera egin ahala, elkar ikusten eta elkar ulertzen joaten dira.

Lanku kultur zerbitzuak ekoiztutako proiektua da eta Lokatz Loreak sormen taldeko kideak dira protagonistak, baita egileak ere. Horiek dira, hain zuzen, Janire Arrizabalaga, Izaro Bilbao eta Araitz Katarain. Bilboko Loraldian egin zuten aurrestreinaldia, martxoaren 22an, eta bertan jasotako harrerarekin pozik agertu da zuzendaria. «Publikoak erantzun ona izan zuen, eta espero ez genuen momentu batzuetan jendeak erreakzionatu egin zuen, batzuetan parrez eta bestetan harriduraz». Gainera, aktore moduan aritzen ziren lehen aldia zuten hiru protagonistak. Izan ere, hiruak bertsolaritza mundutik datoz, «eta hori beste lengoaia bat bezala hartzen da, oso zurruna eta estatikoa dena».



Itzaletik eta agerian, kolorez

Bertso munduan kokaturiko istorio bat izan arren, ez du bertsoaz hitz egiten. «Bertsolaritza abiapuntu moduan daukate, beraien esperientziatik abiatzen delako, baina erabat estrapolatu daiteke eguneroko bizitzara eta gazte batek egunero izan ditzaken egonezinetara», azaldu du Lizarragak.

Halaber, itzalen eta argi jokoen presentzia azpimarratu du zuzendariak, «euren barne munduan gertatzen dena itzaletik kanpora ateratzen dutenean ematen duten itxura erakutsi nahi dutelako». Izan ere, oihal baten hiru markoren atzean zenbait pasarte proiektatuko dira, «arropen eta argien koloreekin jolastuz». Zuritik abiatuta gorri, berde eta moreak hartuko dute protagonismoa antzezlana aurrera joan ahala eta horiek ere beren esanahia dute. «Koloreek nortasuna eta auzia adierazi nahi dute. Esaterako, kolore gorriak lotsa transmititu nahi du, moreak lehiakortasuna eta berdeak gorputzarekin du harremana, hau da, norberak bere gorputza ikusten duen modua», azaldu du zuzendariak.



Teknikoki erronka handia izan dela kontatu du zizurkildarrak, «hor sartzen baita argiztapenaren eta argi-teknikariaren garrantzia ere, eta Lanku kultur zerbitzuak apustu garrantzitsua egin du horren bueltan. Hortaz, pisua hartu dute, garrantzia hartu dute eta nik uste asko janzten dutela hiru protagonistek helarazi nahi dutena».

Hiru protagonista, hiru auzi

Pertsonaia bakoitzak kolore bat izateaz gain, auzi baten isla da. Hain zuzen, Bilbaoren pertsonaiak gorputzarekin lotutako auziak jorratzen ditu, osasun mentala, elikadura nahasmendua edota irudia. «Hiru pertsonaiek oholtzan ezagutzen dute elkar, bertsotan. Hitzak garrantzi handia du, baina gorputza ere hor dago. Horrekin arazoak ditu, eta taula gainean egoteak nola eragiten dion kontatzen du».

Katarainen pertsonaiak lotsa gorpuzten du. «Umetatik da lotsatia, eta pixkanaka lotsa elikatzen doa. Maskara bat jartzen du, hor ezkutatzeko, eta azkenean, bere pertsona horretara mugatzen da. Gero ezin du maskararik kendu. Lotsatia da eta listo».

Azkenik, Arrizabalagaren pertsonaia lehiaren irudia da. «Huts egitearen beldur da, gaur egun denok bezala, eta oso leku ilun batera heltzen da. Sariketa sinple bat izan arren, dena irabazi nahi du».

Hasieran, hiru pertsonaiak muturrera eramaten dituzte, sinbolikoki, eta ondoren, gizaki bilakatzen saiatzen dira. Gainera, bakoitzak objektu bat dauka: Bilbaok ispilua (gorputza), Katarainek maskara (lotsa) eta Arrizabalagak domina (lehia).

Gidoia bertsotan

Gidoiari dagokionez, elkarrizketa bakarra dago eta gainerakoa bertsotan da. «Bertsoek gidoi funtzioa betetzen dute, ez dira bertso jarriak, elkarrizketak dira bertsotan. Puntu batzuetan tonua aldatu dute, zentzu gehiago emateko bertsoak performatu dituzte», azaldu du.

Lan hau sortzeko feminismoa sakon landu dute hiru protagonistek, eta erreferente izan dute Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburua, «eta eragina sumatuko da, seguru». Horrez gain, Ibil Bediren musika erabiltzen dute. Miren Amuriza izan zen, bestalde, emanaldia egitera bultzatu eta Lanku kultur zerbitzuan aurkeztu zituena. Ixone Asategirena da emanaldiko off ahotsa eta Haize Lekuonarena, aldiz, biolin doinua.

Erreferente gehiagoren testuak bildu dituzte obraren esku orrian. Galdera ugariko testua oparitu die Leire Vargas bertsolari eta idazle bizkaitarrak. Adibidez: «Zer gertatzen da azalaren eta ehunaren artean? Zer gertatzen da gorputz baten eta ahots baten artean?». Olatz Salvador abeslari donostiarrak zalantza gehiago planteatzen ditu: «Nire minak nireak dira ala denok ditugu antzeko minak inkontziente kolektibo horretan gordeta? Nigandik sortu dira ala guztiok interpelatzen gaituzte? Nirea al da nire nortasuna bera? Nondik datorkit? Itzali daiteke?». Nerea Ibarzabal kazetari eta bertsolari bizkaitarrak ere egin du bere ekarpena: «Bertsotan egiteko, egoteko eta jagoteko modu eder eta irudimentsu bat dakarkigute Lokatz Loreek».

Bertsoa eta antzerkia uztartuta

Lanku kultur zerbitzutik iritsi zitzaion lan hau antzezteko proposamena Lizarragari. «Aurretik Lankurekin beste obra bat sortu eta zuzendu nuen, Teilatupean izenekoa, haurrentzako zuzenduta. Emaitzarekin gustura geratu zirela ikusi dut eta azken hau zuzentzeko proposamena egin zidaten». Bertsolaritzaren ohiko zurruntasunetik ateratzeko asmoarekin ekin zion zuzendari moduan Lizarragak, «eta beraiek normalean hitzen bidez transmititzen dituzten ideia horiek guztiak, gorputzaren bidez ere egiteko» lanean dabil.

 

Iraitz Lizarraga: «Agian gauza bera esan nahi dugu; beraiek burutik eta ni gorputzetik» 



Lizarraga arte eszenikoen inguruan aritzen da lanean; antzerkian zuzendari laguntzaile eta aktore gisa, eta zirkuan trapezio gainera igota. Murgildu berri den antzerki hau erronka berria dela esan du: «Teilatupean obrarekin bertsolaritza munduan sartu eta bertsolariak nondik zihoazen ikusteko aukera izan nuen, baina oraingoan bi lengoaia desberdin uztartzeko ahalegin horretan nabil eta bertsolariekin aritzea erronka bat da niretzat, gauzak oso desberdin ikusten baititugu, nahiz eta agian gauza bera esan nahi dugun, beraiek burutik eta ni gorputzetik».

Lizarragak arte eszenikoetako jakinduria eta diziplina arteko esperientzia luzea eman dio lanari, baita hiru protagonistek adierazi nahi duten horri «tindu sinboliko» bat ere. «Nik eszenan gutxirekin asko esatea bilatzen dut, baina beraiek bertsoekin asko esaten dute», azaldu du. Hiru protagonistek sortu dituzte bertsoak, eta hasieran nondik jo kosta egin bazitzaien ere, bertso «oso onak» sortu dituztela gehitu du Lizarragak. «Bi elementu horien arteko oreka bilatzen zaila izan da, baina lortu dugu eta esperientzia oso polita izaten ari da, nik beraiengandik pila bat ikasi dudalako eta beraiek nigandik berdin».



Lokatz Loreak sormen taldea

Janire Arrizabalaga, Izaro Bilbao eta Araitz Katarainek sortu zuten 2022ko udan, bertso munduan euren tokia aurkitzeko helburuarekin. Lehen proiektua Friki Saioak izeneko bost saioko bertso zirkuitua izan zen. Bertan, Harry Potter zein horoskopoa bezalako gai «ez ohikoak» ardatz hartuta ikus-entzunezkoak eta bertsoa uztartzen zituzten saioak antolatu zituzten.

Ondoren, 2022ko BTNko tira komikoak egin zituzten Poto-eus-ekin kolaboratuz, Bertsolari aldizkarian ere egin ditugu gure lantxoak. Orain, Itzaliko bagina ikuskizunean dabiltza buru-belarri eta gogoz datoz aurretik arakatu gabeko lurretan haien alea uzteko; antzerkiari bertsotik emateko eta bertsotik antzerkiari. Obraren eskuorrian adierazi bezala, «lehengo hariari segika ikus-entzunezkoen eta bertsoaren arteko harremana mantentzen segitu nahi dugu».

Datozen emanaldiak

Maiatzaren 5ean, Villabonako Gurea aretoan ikusteko aukera izango da, 19.30ean; eta maiatzaren 25ean Lemoan, 20.00etan kultur etxean. Orain udazkenera begirako emanaldiak antolatzen ari dira, beraz, interesa dutenek Lanku kultur zerbitzuen bidez kontrata ditzake, 675 716 472 edo 943 26 07 55 zenbakietara deituta edo marketina@lanku.eus helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!