Eskualdeko bost herri ariko dira lehian Herriarteko Pilota Txapelketan

Ataria 2024ko apirilaren 25a

Bi modalitatetan ariko dira eskualdeko partaideak: Aduna, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa eta Tolosa eskuz ariko dira, eta gomazko paletan Tolosa bakarrik lehiatuko da.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako Herriarteko Pilota Txapelketaren aurtengo edizioaren aurkezpena egin zuten atzo arratsaldean Donostian. Eskualdeko bost herri ariko dira lehian, eta guztiak eskuzko modalitatean ariko dira: Aduna, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa eta Tolosa. Gomazko paletan ordezkari bakarra izango da, Tolosa, eta zesta puntan eta larruzko paleta eta paleta motza modalitateetan ez du Tolosaldeko herririk parte hartuko.

Eskuzko modalitateari maiatzaren 5eko asteburuan emango zaio hasiera, final-hamaseirenekin. Bertan, Adunak Azkoitiaren aurka jokatuko du, Tolosak Beasainen aurka, Amasa-Villabonak Bergararen aurka eta Amezketak Oñatiren kontra. Altzoren kasuan, final-zortzirenetan hasiko du bere bidea, maiatzaren 19ko asteburuan, eta bere aurkaria Zaldibia eta Idiazabalen arteko norgehiagokaren irabazlea izango da.

Gomazko paletari dagokionez, Tolosa final-hamaseirenetan hasiko da, eta Zumaia izango du aurkari. Maiatzaren 5eko asteburuan ekingo diote norgehiagokari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!