Bertsogintzaz ariko dira EHUko Uda Ikastaroetan

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 23a, 14:13
Argazkia: XDZ

Uztailaren 4an eta 5ean eskainiko da ikastaroa Donostian, eta besteak beste, eskualdeko Jexux Mari Irazuk, Oihana Iguaranek eta Imanol Artolak parte hartuko dute.

Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? izenburupean Bertsozale Elkarteak ikastaroa eskainiko du EHUko Uda Ikastaroetan. Uztailaren 4an eta 5ean eskainiko dira Donostiako Miramar jauregian bigarren egunean, besteak beste, Jexux Mari Irazuk, Oihana Iguaranek eta Imanol Artolak parte hartuko dute.

Bat-bateko bertsogintza garaikidearen sorkuntza mailako kezkei buruz hausnartzeko eta gogoetak partekatzeko gunea izango da ikastaroa. Hainbat hitzaldi eta mahai-inguru bat eskainiko dira egun bietan.

Maiatzaren 4an, besteak beste, Diskurtso guztiak errespetagarriak dira? hitzaldia emango du Saioa Alkaizak eta segidan gaiak kantatzerakoan dugun zilegitasunari buruz ariko da Maider Arregi, eta botere harremanei buruz jarraituko du Onintza Enbeitak. Oihana Arana izango da eguneko azken hizlaria, eta bertsolaritza ideologikoki lerraturik ote dagoen hausnarketa ekarriko du mahai gainera.

Bigarren egunean beste hainbeste hizlari izango dituzte. Jexux Mari Irazu izango da lehenengoa eta libreko bertsogintzari buruz ariko da. Alaia Martin eta Imanol Artola izango dira hurrengoak, eta gai-jartzaile autoreari buruzko iritzia plazaratuko dute. Aitor Bizkarrak eta Oihana Iguaranek hitzaldi bana eskainiko dute egoera sozio-ekonomikoari kantatzen ote zaion hausnartuz. Eta azkenik, Oihane Pereak eta Beñat Gaztelumendik Formatik haragoko lanketa bertso eskoletan; gaien eta ideologiaren lanketa hitzaldia onduko dute, bakoitzak bere talaiatik.

Apirilaren 23an zabaldu da ikastaroan matrikulatzeko epea, eta Uik.eus atariaren bidez egin daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!