Saralegi eta Regillaga Europako Txapelketarako sailkatu dira

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 23a, 17:00

Judoko Nage No Kata modalitateko Iberiar Txapelketa jokatu zen igandean, eta bertan Unai Saralegik eta Unai Regillagak bigarren postua lortu zuten. Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri hirugarren izan ziren.

Torres Novasen (Portugal) izan zen txapelketa eta bertan Judo Klub Tolosako bi bikoteek parte hartu zuten.  Regillaga eta Etxarrirentzat lehen txapelketa zen urrian egin zen Munduko Txapelketa eta gero. Senior kategorian estreinatu ziren, eta zozketan lehen postuan irtetea tokatu zitzaien. «Oso oso ondo hasi zuten beren kata baina bukaera aldean maila apur bat jaitsi zuten», azaldu dute klubetik. Azkenean 408,5 puntu bildu zituzten eta horrekin hirugarren postua bereganatu zuten.

Saralegi eta Regillaga bikoa laugarren postuan atera ziren, eta helburua lehen bi postuetan sailkatzea zen horrekin Europako Txapelketarako begira sailkapenean lehen postua ziurtatzeko. «Gu ere indartsu hasi ginen baina erritmoa mantentzea kostatu zitzaigunaren sentsazioarekin gelditu ginen. Hala ere, Europako Txapelketarako bi hilabete falta dira eta planifikazioa betetzen goaz», zehaztu du Saralegik. Guztira 420,5 puntu bilduta bigarren postua eskuratu zuten Extremadurako bikotearen atzetik.

Hurrengo txapelketa ekainean izango da, Sarajevon (Bosnia) egingo den Europako Txapelketan. Saralegi eta Regillaga bikoa bertan izango dira eta Regillaga eta Etxarri bikoak Espainiako komisioaren deialdia itxaron beharko du dauden kupoekin joateko aukera duten ala ez ikusteko.

Zortzi domina eskola mailako Euskadiko Judo Txapelketan

Gipuzkoako Txapelketan izandako emaitza onen ondoren, sailkatutako Judo Klub Tolosako judokak Bilbora joan ziren Euskadiko Txapelketan parte hartzera. Bertan parte hartzea dagoeneko saria izan arren, klubetik azaldu dutenez batzuk gehiago nahi zuten: lehen postua lortzea Espainiako Txapelketarako sailkatzeko.

Kadete mailako Haritz Urkiola (-50 kilo), Amin Lhiti (-55 kilo) eta Enara Leunda (-48 kilo) oso gertu egon ziren brontzezko domina lortzetik. «Kanporaketak gainditu zituzten, baina urrearen borrokan erori ziren; pena da, oso ondo egin baitzuten eta domina merezi zutelako», azaldu dute klubetik. Bestalde, Alex Etxartek (-50 kilo) eta Ion Mateok (+90 kilo) bai lortu zutela brontzezko domina. Unai Arcelus (-55 kilo), Koldo Arrieta (+90 kilo) eta Mara Olano pixka bat urrutirago joan ziren eta finala jokatu ahal izan zuten. «Irabazteko jarrera erakutsi zuten desio zuten plaza lortzeko, baina ez zen posible izan, eta bigarren oso postu onarekin konformatu behar izan zuten», zehaztu dute klubetik. Irabaztea lortu zuena Inhar Leunda (-55 kilo) izan zen, bere borroka guztiak irabaziz, eta urrezko domina eta Espainiako Txapelketa jokatzeko sailkapena eskuratuz. Kanporaketak gainditu ez bazituzten ere, Odei Gonzalez (-66 kilo) eta Pau Lopez (-60 kilo) maila onean aritu ziren.

Infantiletan, Asier Luquek (-50 kilo) txapelketa bertan behera utzi behar izan zuen arazo fisikoengatik. Xabat Zabalegik (-42 kilo) bere borroka guztiak irabazi zituen, azkena izan ezik, finalekoa, eta horrela zilarrezko domina lortu zuen. Marla Belaunzaranek (-36 kilo) lortu zuen urrezko domina, eta baita Espainiako Txapelketarako sailkapena ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!