Sendotu egin du bere indarra EH Bilduk Tolosaldean

Ataria 2024ko api. 21a, 23:08

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan %61,73ko parte hartzea izan da Tolosaldean, duela lau urte baino 5 puntu altuagoa. Alderdi nagusienen artean EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta VOXek egin dute gora eta EAJk eta Elkarrekin Podemosek behera.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EH Bilduk irabazi ditu Tolosaldean. Alderdi bozkatuena izan da eta 12.016 herritarren babesa jaso du, botoen %53,69 eskuratuta. Eskualdeko herri guztietan izan da alderdi bozkatuena Albizturren izan ezik, eta duela lau urteko emaitzak hobetu ditu, ia 2.400 boto irabazita. 2020an baino jende gehiago gerturatu da gaur bozka ematera: parte hartzeak %5,64 (%56,09 izan zen duela lau urte) egin du gora.

Tolosaldean EAJ izan da bigarren indar bozkatuena, baina duela lau urte baino boto gutxiagorekin. Eskualdera botoa eman dutenen %31,57k egin du alderdi jeltzalearen alde, guztira 7.065 herritarrek. 2020an baino babes txikiagoarekin Tolosaldeko 28 herritatik 27tan izan da bigarren indarra EAJ eta bakarrean irabazle, Albizturren.

PSE-EE izan da hirugarren alderdi bozkatuena, bigarrenetik alde handira. Eskualdean emandako botoen %6,31 baino ez du lortu. Elkarrekin Podemos, Sumar, PP eta Vox-ek, berriz, babes oso txikia jaso dute Tolosaldean. Ezker konfedaralak ez du 800 botoen langa gainditu (duela lau urte Elkarrekin Podemosek 900 boto eskuratu zituen) eta oraindik ere  herritar gutxiagok egin dute PP eta VOXen alde, 647 baino ez. Tolosaldeko 116 pertsonek egin zuten eskuin muturraren alde duela lau urte, gaur, berriz, 172k, 56 pertsona gehiagok.

Alderdi abertzaleen nagusitasuna, dena den, ia erabatekoa izan da Tolosaldean. EH Bilduren eta EAJren botoak batuta, botoa ematera gerturatutako guztien %85,2k egin dute aukera baten edo bestearen alde.

 

Ia kolore bakarreko mapa

Tolosaldeko 27 herritan lehen indar bozkatuena izan da EH Bildu eta Albizturren, berriz, EAJ. Duela lau urte baino alde handiagoa atera dio herri horietako gehienetan bigarren aukerari. Tolosan, esate baterako, 4.697 boto eskuratu ditu EH Bilduk, eta 3.311 EAJk. Amasa-Villabona, Ibarra eta Zizurkilen ere koalizio abertzalea izan da garaile. 2020an Abaltzisketa eta Albizturren nagusitu zen alderdi jeltzalea, eta oraingo honetan, Abaltzisketan ere EH Bildu izan da bozkatuena.

2020an pandemia betean egin ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta parte hartzea gaurkoa baino baxuagoa izan zen. Iaz ospatutako foru hauteskundeetan, aldiz, gaurkoaren pareko parte hartzea izan zen hauteskundeetan, eta honenbestez, orduko emaitzekin alderatuta, EH Bilduk, gaur, Tolosaldean 1.144 boto gehiago eskuratu ditu; EAJk 37 gehiago; eta PPk 156 gehiago; 2023ko foru hauteskundeekin alderatuta, PSE-EEk 161 botoko galera izan du eta Elkarrekin Podemosek 400 boto gutxiago jaso ditu gaur.

 

EAEko datuak

EH Bilduk eta EAJk 27na eserleku dituzte; PSE-EEk, 12; PPk, 7; Voxek 1 eta Sumarrek 1. Elkarrekin Podemos Eusko Legebiltzarretik kanpo geratuko da. Jeltzaleek eta sozialistek gehiengo absolutua izango dute gobernua osatzeko, 39 eserleku baitituzte bi indarren artean. Araban eta Gipuzkoan EH Bilduk irabazi du eta, Bizkaian, EAJk. Bi eserleku ateratzen dizkio koalizioak EAJri Gipuzkoan eta, Araban, bat. Jeltzaleek, ordea, hiru eserleku ateratzen dizkiote EH Bilduri Bizkaian.

EAEko emaitzak xeheago: Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!