Aduna, Alkiza eta Larraulgo udalekuetan izen emateko aukera dago

Ataria 2024ko apirilaren 18a

Larraulgo umeek hartuko dute parte udalekuetan, Alkiza eta Adunakoekin batera

Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak antolatutako udaleku irekietan parte hartu nahi dutenek, apirilaren 26a baino lehen eman beharko dute izena.

Ekainaren 24tik uztailaren 19ra egingo dira udalekuak Aiztondo bailarako Aduna, Alkiza eta Larraulgo udalerrietan. 3 eta 6 urte arteko umeek ludoteka zerbitzua izango dute eta 6 eta 12 urte artekoek, berriz, udaleku irekia. Astelehenetik ostiralera, goizero, 09:00etatik 13:00etara eskainiko du zerbitzua Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak.

Gaztetxoek hainbat ekimen egin ahal izango dituzte lau astetan eta tartean irteerak ere izango dira. Ekainaren 27an, esaterako, Hondarribiko aterpetxera gaua pasatzera joateko aukera emango zaie gazteei. Horretarako 30 euro gehiago ordaindu beharko ditu ume bakoitzak.

Apirilaren 26ra arte izen emateko aukera dute hiru herrietako gaztetxoek, etxean jasotako eskabidea bete, eta herrietako kultura bulego edota liburutegian utzi beharko dute. Izena ematerakoan, 95 euro ordaindu beharko dira haur bakoitzeko, eta bigarren senideak parte hartuz gero, hark 85 euro ordaindu beharko ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!