Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira igandean, eta ATARIAk jarraipen berezia egingo du, eskualdeko herritarrek hauteskundeek Tolosaldean izan duten emaitza ikus dezaten.
Hala, batetik aurreko hauteskundeetako emaitzak ikusgai daude Ataria.eus-en, eta egunean bertan, konparaketak egiteko aukera izango da, eskualdeko herri guztietako emaitzekin. Igandean parte hartze datuak ere jakin ahal izango dira, eguerdian, nahiz arratsaldean, eta horiek ere aurreko hauteskundeetakoekin konparatu ahalko dira.
20:00etan itxiko dituzte bozkalekuak, eta 22:30ak aldera aurreikusi dute kontaketa guztia egitea. Emaitzak baina, lehenago izango dira, batez ere herri txikienetan, eta horiek eduki bezala, Ataria.eus-en egongo dira ikusteko moduan, hauteskundeen plataforma bereziari esker. Emaitza horiek automatikoki jaso eta eguneratuak izango dira.
Herriz herriko emaitzak eta eskualdekoak ematearekin batera, kontaketaren amaiera aldera, alderdi politiko nagusienetako eskualdeko ordezkarien hitzak ere jasoko dira. Eta Eusko Legebiltzar berrian izango diren eskualdeko herritarren berri ere emango da.
EGUNKARIAN TARTE BEREZIA
Astearteko egunkarian ere tarte berezia izango dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek. Herriz herriko emaitzak ikusi ahalko dira taulen bitartez, irakurketa orokorrarekin batera, eta eskualdeko alderdi politikoen balantzea ere irakurri ahalko da. Horrekin batera, Ander Leon adituak eskualdeko nahiz emaitza orokorren inguruko analisia egingo du.