Eskualdeko zenbait artista, Musika Bulegoa Sarietarako izendatuta

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 18a, 11:57

Xabier Zeberio, Juan Kruz Igerabide, David Azurza nahiz Belako eta Euskal Barrok Ensemble taldeak daude hautagaien artean.

Euskal Herriko Musika Bulegoak, urtero, euskal artistek, taldeek edo proiektuek egin edo ekoitzi dituzten edo horiek protagonista dituzten musika-panoramako proiektu esanguratsuenak saritzen ditu. Sarien helburuak dira, besteak beste, Euskal Herriko musikaren sektorearen balioa azpimarratzea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutarazi eta bultzatzea eta munduaren aurrean erakusleiho izatea dira helburuak.

Musika Bulegoa Sarien zortzigarren edizioan, epaimahaiak hautaketa-prozesuaren bigarren fasera igarotzeko 48 proposamen aukeratu ditu, eta horien artean, Tolosaldeko zenbait artista daude: Xabier Zeberio, Pause diskoagatik; David Azurza tolosarra eta Juan Kruz Igerabide adunarra, artista gehiagorekin elkarlanean sortutako Galerna, azken bidaia ikuskizunagatik; Euskal Barrok Ensemble taldea –Miren Zeberio tolosarra dago tartean–, Subh proiektuagatik; eta Belako taldea –Lander Zalakain taldeko bateria-jotzailea tolosarra da–, Sigo Regando bere bosgarren diskoagatik.

Guztira hamar sari daude. Sari bakoitza 2.000 eurokoa da eta, horrez gain, Fernando Mikelarenaren eskultura bat ere jasotzen dute sarituek. Aurten, lehen aldiz, Publikoaren Saria ere egongo da. Publiko orokorrak 2023ko bere disko, kontzertu edo lan gogokoena bozkatu ahal izango du, 48 proposamenen artean. Pertsona bakoitzak behin bakarrik eman dezake bozka, maiatzaren 7a baino lehen.

Publikoaren Sariaren irabazlea, gainerako sarituekin batera iragarriko da maiatzaren 15ean Iruñeko Zentral aretoan egingo den gala berezian. Gainera, bozketan parte hartzen duten guztien artean, 4 sarrera bikoitz zozkatuko dituzte Janus Lester taldeak, egun horretan bertan, gala amaitu ondoren, Zentralen egingo duen kontzerturako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!