Aldundiak Villabona eta Irura arteko bidegorria eraikitzeko proiektua osatu du

Ataria 2024ko apirilaren 16a

Jendaurrean jarri dute bidegorriaren proiektua, obrek kalte egingo diotela uste dutenek erreklamazioak aurkez ditzaten.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamenduak Villabona eta Irura arteko bizikleta eta oinezkoen bidea eraikitzeko proiektuaren jendaurreko informaziorako eta entzunaldirako izapideak hasi ditu. Obrek kalte egingo diotela uste duenak erreklamazioak aurkez ditzan 20 eguneko epea zabaldu dute.

2002tik ari dira aldundian garraiobide gisa bizikletaren erabiltzea sustatzen, baita aisialdirako ere. Helburu horrekin idatzitako bizikleta bideen planari jarraituz idatzi du Girder ingenieros enpresak Villabona eta Irura arteko bizikleta eta oinezkoen bidea eraikitzeko proiektua. Besteak beste honako lanak aurreikusi dituzte: zoruak eta zoladurak eraistea eta lehengoratzea; pasabide metaliko berri bat egitea A-1 errepidearen gainean; eragindako zerbitzuak birjartzea; ibilbidearen argiztapena bermatzea; trazadura seinaleztatu, baliztatu eta babestea; eta A-1 errepidetik ibilgailuen Villabonarako sarrera berrantolatzea.

Joan den apirilaren 11n argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean bidegorriaren proiektua jendaurrean jartzeko agindua. 20 eguneko epea izango dute herritarrek, egoki ikusten badute, helegitea jartzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!