Artolak ligaxkako lehen partida irabazi du

Ataria 2024ko apirilaren 15a

Iñaki Artola, Beotibarren, Peña II.aren aurkako partidan.

Buruz Buruko Pilota Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkari hasiera eman diote asteburuan, eta Iñaki Artola alegiarrak bere partida irabazi du.

Ezkurdiaren aurka zuen atzo partida Eibarko Astelena pilotalekuan, eta 22-10 irabazi zuen alegiarrak. Ezkurdia ez zen fin aritu partida osoan zehar eta Artola ondo moldatu zen batez ere bigarren zatian. Lehen atsedenaldira 12-7 irabaziz iritsi zen alegiarra, eta markagailua 13-10 ere joan zen. Hortik aurrera Artolarentzat izan ziren tanto guztiak eta 22raino iritsi zen. Alegiarrak 16 tanto egin zituen, horietatik bost sakez, eta 4 pilota galdu zituen. Bere aldetik, Ezkurdiak 6 tanto egin zituen eta 6 galdu. 

Garaipenarekin A multzoko lehen postuan jarri da Artola. Hurrengo partida Elordiren aurka izango du, horrek 22-20 irabazi baitzion Zabalari. Artola eta Elordiren arteko partida ostiral gauean jokatuko da Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Bihar egingo dute pilota aukeraketa. 

Jokin Altuna amezketarra da final-laurdenetan dagoen eskualdeko beste pilotaria. B multzoan dago sartuta, eta asteburu honetan jokatuko du bere lehen partida. Aurkaria Unai Laso izango da, eta neurketa igandean izango dute, Bilboko Bizkaia frontoian. Bihar egingo dute pilota aukeraketa. B multzoko lehen jardunaldiko partida bat jokatu da asteburuan, Dario eta Zabaletaren artekoa. 22-17 irabazi zion Dariok Zabaletari, eta sailkapeneko buru jarri da. 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!