Aste Santuan zortzi puntu igo da nekazaritza-turismo eta landetxeetako okupazioa

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 12a, 11:55

Jatorriari dagokionez, Herrialde Katalanetako herritarrak, Aragoikoak, frantsesak eta alemaniarrak izan dira nagusi. Eskari handiena izan duen bisita gidatua Tolosako Alde Zaharrekoa izan da.

Aste Santu honetan, okupazioa hobetu egin da aurreko urtearekin alderatuta. Turismo bulegoan antzeko zifrak izan dituzte, estatuko bisitari gutxiago eta txangoak egiteko zale gehiago. Aurreko urtearekin alderatuta, Ostegun Santutik Pazko Igandera jaitsi egin da okupazioa, baina aurreko asteko eta Pazko Asteko okupazioak hobera egin du. 

Lehen hiruhileko bataz besteko okupazioa ia %30ekoa izan da aurten; martxoan, Aste Santua aurreratzearen eragina nabarmena bada ere, urtarrila eta otsaileko okupazio datuak hobetu dira. «Beraz, aurreko urteko tendentzia errepikatzen da eta balorazioa positiboa da, okupazio altuko egun gehiago izatea lortu baita», adierazi du Tolosaldeko Turismo Bulegoak. 

Hitz egin dugun sektoreko jatetxe, museo eta ostatuek «asko eta ondo» lan egin dutela helarazi diete bulegoko kideei, eta beraz, aurtengo Aste Santuak «inpaktu ekonomiko positiboa» izan duela ondorioztatu dute.

Jatorriari dagokionez, estatuko bisitarien artean, urtero bezala, Herrialde Katalanetako herritarrak izan dira lehen postuan. Bigarren postuan, berriz, Aragoikoak ageri dira; «ezohikoa izan da». Atzerritarren kasuan, frantsesak izan dira gehiengoa eta, ondoren, aspaldian ez bezala, Alemaniatik etorritakoak izan dira gehienak.

Tolosaldeko Turismo Bulegoak Aste Santuko ostegunetik igandera eskainitako bisita gidatu programan 48 lagunek parte hartu dute eta eskari handiena izan duena Tolosako Alde Zaharrekoa izan da.

 

 

2024/03/23-2024/04/27

Tolosaldeko turismo bulegoa

588

Bertakoak

43

Gipuzkoa

48

Euskadi (Gainerakoak)

87

Espainia

329

Atzerria

81

Bilboko Basque Fest jaialdian

Martxoaren 28, 29 eta 30ean Tolosaldeak presentzia izan du Bilbon ospatutako Basque Fest azokako Gourmet Txoko espazioan. «Eskualdeko turismo informazioa banatu genien bertatik igarotako 35.692 bisitariei, eta bereziki, mendi ibilbideen, haurrekin egiteko planen eta gastronomia eskaintzaren inguruan galdetu zuten. Euskal Autonomia Erkidegoko herritar asko hurbildu zen arren, estatu mailako bisitariak eta atzerrikoak ere pasa ziren bertatik, eta proposamenak eman zitzaizkien Tolosaldetik pasa daitezen». 

Informazio turistikoaz gain, Tolosaldeko turismo gastronomikoa sustatzeko klubeko kideen produktu batzuk izan ziren postuan bertan salgai, eta produktu dastaketak ere eskaini zituzten. Horietan guztira, 1.300 lagun inguruk parte hartu zuten. «Balerdipeko Erleak proiektuko erlezainek eztiarekin egindako krema ezberdinen dastaketak egin zituzten, eta bide batez, udaberritik aurrera eskainiko dituzten bisita gidatuen berri eman zuten. Bestetik, Rafa Gorrotxategik arrakasta bermatua duen txokolate dastaketa egin zuen, bertaratutakoek txokolateaz gehiago ikasi eta produktua baloratzen ikasteko helburuarekin». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!