Emakumezkoen Gipuzkoako Ligako lauko finala jokatuko dute bihar Belabietan

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 11a, 18:57

Ligan zehar elkarren aurka jokatu duten, eta, beraz, elkarren artean oso ondo ezagutzen diren lau taldeek hartuko dute parte, bihar, Ibarrako kiroldegian. Horietatik hiru eskualdekoak dira, Lauburu Ibarra, Anoeta eta TEEP Tolosala, eta laugarrena Antiguoko.

Denboraldi hau azken lehiaketa berezi batekin ixteko helburuarekin, lauko finala edo play off-a horrela antolatu da: 10 minutuko bi zati, baloia kanpora ateratzen denean denbora geldituko delarik. Taulako lehen sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren aurka. Beraz, lehenengo kanporaketa 20:00etan hasiko da, eta bertan Lauburu eta Anoeta lehiatuko dira. Ondoren, 20:45ean, Antiguoko eta TEEP Tolosalaren arteko norgehiagokaren txanda izango da. Azkenik, final handia, 22:15ean izango da.

Hau dena esanda, ezin ahaztu emakumezkoen areto futbolak, oro har, eta gure lurraldean bereziki, oztopo ugari dituela. Talde eta jokalarientzako baliabide eta finantza- aguntza falta da arazo garrantzitsuenetako bat. Talde askok babesleak eta baliabide egokiak lortzeko borrokatu behar izaten dute, ekipamenduen, instalazioen eta bidaien kostuak estaltzeko, eta horrek mugatu egiten du maila gorenean lehiatzeko gaitasuna.

Gainera, Gipuzkoako emakumezkoen areto futbolaren ikusgarritasuna eta aintzatespena oraindik mugatuak dira gizonezkoen areto futbolarekin alderatuta. Hedabideen babesa eta erakundeen laguntza funtsezkoak dira kirolaren ikusgarritasuna handitzeko eta ikusle eta babesle gehiago erakartzeko.

Duela denboraldi gutxi arte Gipuzkoako Ligan zeuden 12 taldetatik erdia baino gutxiago izatera pasatu dira, eta, zalantzarik gabe, hori hainbat eragileren interes eta laguntza faltagatik gertatu da, pixkanaka egoera hori eragin baitute. Taldeen aldetik erakunde eskudunen erreakzioaren beharra azpimarratu nahi izan dute, «atzetik datozen guztientzat beranduegi izan baino lehen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!