Jon Mendiluzek Hernandorena bertsolari gazteen sariketan parte hartuko du

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 10a, 15:06

Irurako gazteak Hendaiako saioan kantatuko du apirilaren 27an. 16 eta 22 urte arteko Euskal Herri osoko hamabi bertsolari ariko dira aurtengo sariketan.

Euskal Herri guztiko 16 eta 22 urte arteko 12 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo Hernandorena bertsolari gazteen sariketan. Tartean izango da Jon Mendiluze irurarra eta apirilaren 27an Hendaiako Baleak elkartean kantatuko du, 19:00etan hasita.

Eskolarteko txapelketako ibilbidetik plazako ibilbidera jauzia ematen ari diren 22 urte arteko gazteei, beren burua ezagutarazteko parada ematea da sariketaren helburua, «txapelketa handien lehiakortasunetik kanpo, lagun arteko norgehiagoka batean». Mari Campistronek egindako irudi berriarekin dator aurtengoan Hernandorena sariketa.

Hiru saio izango ditu aurtengo sariketak:

  • Apirilaren 20a, larunbata
    • 19:00. Irisarriko Gure Doia ostatuan, Haira Aizpurua, Aiantze Lannes, Maddi Agirre, Josu Txoperena, Danel Herrarte eta Beñat Astiz.
  • Apirilaren 27a, larunbata
    • 19:00. Hendaiako Baleak elkartean, Irantzu Idoate, June Diaz, Maddi Aiestaran, Ibai Lekuona, Jon Mendiluze eta Izaro Bilbao.
  • Maiatzaren 11n, larunbata
    • 19:00. Senpereko Larraldean aurreko bi kanporaketetan sailkatutako bertsolariekin.
    • *Antolakuntzak jakinarazi du, saio guztietan jatekoa eta edatekoa egongo dela.

Sortzez zizurkildarra zen Teodoro Hernandorenaren izena darama sariketak eta Bertsularien Lagunak elkarteak antolatzen du, besteak beste, Zizurkilgo Udalaren babesarekin. 36ko gerraren ondotik Donibane Lohitzunen erbesteratu zen Hernandorena eta bertsolaritzaren sustapenean lan handia egin zuen. Bera izan zen, besteak beste, Mattin Treku eta Fernando Aire Xalbador bertsolariak Euskal Herriko plazetara atera zituena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!