Hiru saio egingo dituzte eskualdeko hainbat herritan nerabeen osasun mentala hizpide

Ataria 2024ko apirilaren 10a

Lehen hitzordua bihar egingo dute, Lizartzan, 16:15ean. Bigarrean Tolosan izango da maiatzaren 13an eta, azkena, maiatzaren 21ean Amasa-Villabonan. Hitzaldiak gurasoei zuzenduta antolatu dituzte eta Estibaliz Ansotegi psikologoak emango ditu.

Eskualdean hiru hitzaldi egingo dituzte nerabeen osasun mentalari buruz: lehena bihar izango da, Lizartzan, 16:15ean; bigarrena, maiatzaren 13an, Tolosan; eta, hirugarrena, Amasa-Villabonan maiatzaren 21ean. Nerabeen eta gazteen gurasoei zuzenduta antolatu dituzte hitzaldiak eta Estibaliz Ansotegi psikologoak gidatuko ditu.

TREBA programaren barruan antolatu ditu saioak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria sailak, eta gazteen osasun mentalari «heltzeko premiagatik» jarri dute martxan. Foru aldundiaren arabera 2018an 15 eta 29 urte arteko EAEko gazteen % 8,3k izan zuen antsietate edo depresio arazoren bat: «Haurren eta gazteen osasun mentaleko profesionalek ikusi dute arazo emozionalak areagotu egin direla». Azaldu dutenez, antsietatea, tristura eta bakardadea dira «arazo nagusiak», eta uste dute horien jatorria dela «harremanak eta aisialdia murriztu izana» eta hezkuntzaren zein lanaren inguruko «ikuspegi negatiboa».

TREBA programak hainbat ildo jorratzen ditu eta «helburu bera» dute denek. TREBA Gazteak arloaren kasuan «tresnak ematea eguneroko erronkei aurre egiteko, hala nola, antsietateari eta jazarpenari»; eta TREBA Gurasoak eta Profesionalak programan kasuan, «gurasoei eta profesionalei tresnak eskaintzea deserosotasun, antsietate eta jazarpen egoerak identifikatzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!