Tolosaldeko hiru, Eusko Legebiltzarrean

Ataria 2024ko apirilaren 21a

Ander Goikoetxea, Bakartxo Tejeria eta Olatz Peon

EH Bilduk ordezkari bat izango du parlamentuan: Ander Goikoetxea billabonatarra, eta EAJk, berriz, bi, Bakartxo Tejeria billabonatarra eta Olatz Peon tolosarra.

 

ANDER GOIKOETXEA ARANA

EH BILDU

Ander Goikoetxea Arana EH Bilduren Gipuzkoako hautagaitzan laugarren tokian joan da, eta honenbestez, legebiltzarkide izango da legealdi berrian. Automatika eta Elektronika Industrialean doktorea da. Mondragon Unibertsitatearen Galarretako EKO Campuseko energiaren ingeniaritza graduaren sorreran parte hartu zuen eta irakasle eta ikerlari bezala jardun du bertan. 2019tik Amasa-Villabonako zinegotzia da eta herrigintzako hainbat ekimenetan parte hartu izan du. Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkarguneko kide da.

 

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN

EAJ

Bakartxo Tejeria Otermin EAJko Gipuzkoako zerrendaburua. Larraulgoa jaiotzez, baina egun Donostian bizi da. Zuzenbidean lizentziatua da. Abokatu lanetan aritu izan da eta Villabonako bake epailea izan zen. Villabonako zinegotzi bezala hasi zen politikagintzan, eta 2003-2007 legegintzaldian bertako alkate izan zen. 2001. urteaz geroztik da legebiltzarkidea, eta azken hiru legegintzaldietan Eusko Legebiltzarreko presidentea izan da. EAJko Gipuzkoako zerrendaburu izan da gaurko hauteskundeetan, eta honenbestez, legebiltzarkide izango da datozen lau urteetan. Alderdi jeltzaleak legebiltzarreko presidente izaten jarraitzeko hautagai bezala aurkeztu du.

 

OLATZ PEON ORMAZABAL

EAJ

Gizarte Langintzan diplomatua da eta Donostiako udalean lan egin izana. 2003tik Tolosan zinegotzi eta 2015etik 2023ra alkate izan da. Iazko foru hauteskundeetan Oria barrutiko zerrendaburu gisa aurkeztu zen. Hauteskundeen ondoren batzarkide gisa jardun zuen tarte labur batean, baina 2023ko uztailean kargua utzi  behar izan zuen legebiltzarkide izateko; EAJren legebiltzar taldean gobernu ardurak betetzeko egondako kargu uzteen ondorioz, eserleku hori betetzea egokitu zitzaion, 2020ko hauteskundeetara aurkeztutako zerrenden hurrenkerari jarraituta. EAJren Gipuzkoako hautagaitzan laugarren tokian joan da, eta honenbestez, legebiltzarkide izango da legealdi berrian. 

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!