Materiala ez da aitzakia izango igandeko partidarako

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 4a, 15:08

Buruz buruko kanporaketa jokatuko dute Iñaki Artola alegiarrak eta Jon Ander Peña tolosarrak igandean, Tolosako Beotibar frontoian. Irabazlea final-laurdenetako ligaxkan egongo da. Gaur eguerdian egin dute pilota aukeraketa Baiko Pilotako bi pilotariek.

Artolak materiala «ona» dela esan du. «Izaten dira partidak pilota batzuetatik besteetara alde handia egoten dela, baina gaurkoek zer pentsatu gutxi eman dute, denak antzekoak zirelako. Beharbada berak hartu ditu irteera gutxiago dutenak, motelagoak, eta nik biziagoak, baina alde gehiegirik gabe». Peña II.ak ere antzeko iritzia izan du: «Ez nuke esango alde handirik dagoenik piloten artean. Bereak gehiago ibiltzen dira, baina aurrenekoak aukeratzen duenak normalean izaten du bizienak aukeratzeko aukera hori, eta aurrena aukeratu izan banu beharbada bere pilotetako bat aukeratuko nukeen».

Peña II.ak aurre kanporaketa jokatu zuen eta Larrazabali irabazi zion. «Aurreneko partida jokatu izan horrek behintzat sentsazioak bilatzeko aukera hori ematen dizu. Niri ondo etorriko zaidala iruditzen zait. Baina Iñaki manomanista handi bat da, eta badaki horrelako partidak ondo jokatzen, aurrenekoak izanagatik ere, eta uste dut eragin handirik ez duela izango». Artolak azaldu duenez, «beti esaten da aurre kanporaketa jokatzea ekidin nahi den gauza bat dela, galtzeko arriskua dagoelako, baina aldi berean irabaziz gero ematen du halako konfiantza puntu bat. Aurreneko partidak beti sortzeko du kezka, baina pare bat entrenamendu on egiteko aukera izan dut, modalitate aldaketa honetara egokitzeko, eta aitzakiarik ez dago».

Alegiarrak gaineratu duenez, «partida gogorra espero beharra dago. Aurkari gogor bat izango dut parean, ez da denbora gehiegi frontoi honetan bertan partida erabakigarri bat jokatu genuela lau eta erdian, eta oso gogorra izan zen. Orduan berak irabazi zidan, eta oraingo partidak badu errebantxa kutsu horretatik ere, eta ea oraingoan nire alde erortzen den». Aurkariak elkar ondo ezagutzen direla esan du Artolak: «Sekretu handirik ez dago. Aurten ez zaigu tokatu kasualitatez, baina aurrekoetan entrenamendu bat baino gehiago egin ditugu elkarren aurka, beraz, sekretu handirik ez dago. Nik nire buruz buru jokatzeko modua badakit zein den, eta hori ateratzen saiatu behar naiz: pilota asko luzatzea, aurkaria atzean izatea, eta aukera dudanean bukatzen saiatzea. Bera oso aurkari erasokorra da, eta aukera duenean arriskuak hartzen dituena, eta adi egon beharko dut horrekin».

Peña II.ak dioenez, jokatzeko moduan «beti xehetasunak izaten dira aurkariaren arabera. Garbi dago ezin diodala eroso utzi eskuinez jotzen, oso atzean jartzen duelako pilota eta hortik aukerak asko murrizten zaizkidalako. Saiatuko naiz pilota abiadurarekin ibiltzen eta bera ez dadila eroso sentitu». Peñarentzat lehendabiziko aldia izango litzateke maila nagusian final-laurdenetara pasatzea, igandea irabaziz gero. «Aurreko urtean ez nuen jokatu, eta orain arte ez dut izan aukerarik hain urruti iristeko. Esperientzia ederra izango litzateke ligaxka jokatzea. Ondo sentitzen naiz, eta irabazteko nire aukeratan sinisten dut eta horri eutsiko diot».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!