Euskadiko Senior eta Federazioen arteko txapelketa jokatu zen martxoaren 23an, Gasteizen. Zizurkil eta Villabonako taldeko pultsulari ugari bertan izan ziren, Gipuzkoako selekzioa ordezkatuz.
Emakumezkoetan, Denok Danenako Izarne Marko, Allison Rivera eta Amaia Blanco izan ziren parte hartu zutenak. Gizonezkoetan, berriz, Ekaitz Kortajarena, Jon Kepa Kortajarena, Beñat Gonzalez eta Jon Ander Iriarte izan ziren lurraldea ordezkatu zuten eskualdeko pultsulariak. Maila bikaina erakutsi zuten guztiek.
Gizonezkoetan, txapeldun geratu zen Gipuzkoa, eta emakumeetan bigarren postua lortu zuten. Pultsularien banakako lana aztertuta, Ekaitz Kortajarenak hirugarren postua lortu zuen maila guztiak kontuan hartuta. Baina zeresana eman zuena Izarne Marko izan zen. Lehiaketa izugarria egin zuen Denok Danenako pultsulariak, eta erakutsitako mailari esker Euskadiko errekor berria ezarri zuen 49 kilo kategorian, total olinpikoan. Espainiako txapelketara joateko gutxieneko marka ere lortu zuen.
Denok Danena taldetik Marko zoriondu nahi izan dute, eta horrela jarraitzera animatu dute.