Uda bateko besarkada

Ataria 2024ko api. 3a, 07:59

Oporrak Bakean programa martxan da eta, iaz bezala, aurten ere hamabost haur saharar ekarri nahi dituzte Tolosaldera uda pasatzera; harrera familiak behar dira horretarako.

Martxan da Oporrak Bakean programa, hogeita bigarrenez, Tolosaldean. Haur sahararrak uda pasatzera etorriko dira eskualdeko familietara, ekain amaieratik abuztu amaierara. Asmoa hori dela dio Elixabet Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko teknikariak, pandemiaren ostean gauzak ez baitira errazak izan. «Programak agente desberdinak ditu eta horietako bat da Espainiako Gobernua. Berak eman behar du haur sahararrak Espainian sartzeko baimena, baita bisak atera ahal izateko baimena ere». Azken urteetan, ordea, tramite hori oso berandu egin dutela dio, «eta horregatik, haurrak berandu etorri dira. Iaz, adibidez, haurrak uztailaren 10 eta 15ean etorri ziren, beraz, data oraindik ezin dugu zehaztu».

Iaz bezala, aurten ere 15 haurrek Tolosaldean bizitokia izatea da erronka, eta horretarako, zortzi familia behar dituzte. Izan ere, dagoeneko zazpi familiak eman dute izena. «Aurreko edizioetan kopuru hori gainditu dugulako jarri dugu erronka hori, beraz, ez da helburu bete ezina baina bai zaila», dio Eizagirrek. Programan parte hartu nahi duten familiek apirilaren 15era eman ahalko dute izena, eta tolosaldeasahararekin@gmail.com helbidera idatzita edo 696 014 786 zenbakira deituta informazio gehiago eskatu dezakete.

Tolosaldea Sahararekin elkartea arduratuko da aurten, bigarren aldiz, guztia koordinatzeaz, Tolosako Udalak beraien esku utzi baitu beste urte batez ardura hori. «Familiek elkartearen babesa izango dute uneoro; egunean eguneko arazoetan edota egokitu behar diren gaietan egongo gara elkarteko partaideak». Horretarako, elkarteak urtean zehar antolatzen dituen ekintzetan parte hartzea garrantzitsua dela dio Eizagirrek, «horrela, beste elkarteko kide zein familiak elkar ezagutu, Oporrak Bakean taldetxoa sortu eta udara hobeto pasatzen laguntzen duelako».

Konpromisoa eta ardura

«Gogoa eta denbora izatea eta Tolosaldeko herriren batean erroldatuta egotea dira parte hartu nahi dutenek bete behar dituzten baldintza nagusiak», jakinarazi du teknikariak. Hortik aurrera elkarteko kideak dira familiarekin bildu eta programan parte hartzeko egokiak diren edo ez erabakitzen dutenak, «azkenean haur bat hartzen dutelako harreran eta esperientziak esaten digu zein familia izan daitekeen aproposa horretarako».

Eizagirrek dio «konpromisoa» dela familiek sinatzen duten gauza bakarra, haur horrekiko bi hilabeteko zaintza, hain zuzen. «Behin bi hilabete horiek pasata, normalena familiak haur sahararrarekin duten harremana mantentzen jarraitzea da, eta horretarako, batzuk astero hitz egiten dute eta beste batzuk bi hilabetetik behin, besteak beste».

Izan ere, teknikariaren esanetan, «familiako bat gehiago» izaten dira haur sahararrak, horrek suposatzen duenarekin: «Mahaian plater bat gehiago jarri beharko da, arropa ere beharko du edota aisialdian sortu ditzakeen gastuak ere ordaindu beharko zaizkio». Gainerakoan, bidaia gastuak, asegurua, bisa edota Osakidetzako txartelaren gastuei elkarteak egiten die aurre, Tolosaldeko udaletxeek eskaintzen duten laguntzari esker. Era berean, haurrak iritsi eta berehala, mediku azterketak pasako dituzte.

Elkarteak, bere aldetik, astean bitan jarduera ezberdinak antolatuko ditu etorriko diren haurrak elkartu daitezen. «Begirale saharar bat izango dute, eta ondo etorriko zaie beraien artean elkartzea, etxe berrian zer topatu duten besteari kontatzea eta begiralea ere hor izango dute jarraipena egiteko». Tarte horietan, harrera familiei ere ondo atsedena ondo etorriko zaiela adierazi du Eizagirrek, baita beste harrera familiekin informazioa elkartrukatzea ere.

Esperientzia aberasgarria

Prozesua polita baina zaila ere badela dio Eizagirrek: «Haurrak basamortutik datoz, eta beste errealitate batekin egiten dute topo, euren gurasoetatik urrun, 4.000 kilometrotara». Horrez gain, nekatuta iristen dira eta uneoro informazio berria ari dira jasotzen. Horregatik, haurrek bi edota hiru eguneko egokitzapena behar dutela esan du teknikariak, «guztia asimilatzeko, haurrak baino ez baitira».

Ondoren, familiara egokitu behar dira, baina baita familia haiei ere. «Haurrak jakin egin behar du familia baten etxean dagoela, eta familiak ezezagun bati ari zaizkie ateak zabaltzen. Etxe horretan ohitura batzuk izango dituzte, baita arau batzuk ere, eta kanpotik datorren haur horrek arau horiek ikasi beharko ditu, baina modu batera edo bestera familia ere malgua izan behar da egoerara egokitzeko».

Adaptazio egunak igarota, Eizagirreren ustetan, orduan ikusten da haurra etxekotu den edo ez: «Esaterako, familiari planen bat egitera gonbidatzen dietenean eta «etxekoak goaz» esaten dutenean, familiak klik egin duela esan daiteke, hau da, haur sahararra familiako bat gehiago da eta hortik aurrera normaltasuna eta gozamena etortzen da».

Baina denbora azkar igarotzen dela dio teknikariak eta momentu gogorrena agurra izaten dela adierazi du: «Haur sahararrak urduri daude etxera itzuli behar dutelako eta familia faltan botatzen dutelako. Familiak ere urduri egoten dira, euren bizitzako parte izan den haurra berriro errefuxiatu kanpalekuetara bueltatzen delako, hemendik 4.000 kilometrora, jakinik bertan dagoen egoera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!