Eskualdeko herritarrak apirilaren 21eko hautagaitzetan

Ataria 2024ko mar. 27a, 11:57

Bakartxo Tejeria izango da EAJko Gipuzkoako zerrendaburua eta Olatz Peon laugarrena; EH Bilduko hautagaitzan laugarren tokia beteko du Ander Goikoetxeak, Amasa-Villabonako zinegotziak.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara behin betiko aurkeztutako hautagai-zerrendak argitaratu ziren atzo Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Gipuzkoan, hamaika alderdi aurkeztu dira. Orain dela lau urte, 2020an, hamalau zerrenda aurkeztu ziren.

Hona hemen hautagaitzak:

  • 1.- Euskal Herria Bildu (EH BILDU)
  • 2.- Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV)
  • 3.- Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE)
  • 4.-Partido Popular
  • 5.- Elkarrekin Podemos - Alianza Verde
  • 6.- Bidezko Mundurantz (PUM+J)
  • 7.- Aulki zuriak eserlekuak hutsik uzteko (EB-AZ)
  • 8.- Vox
  • 9.- Alderdi Animalista Ingurumenarekin (PACMA)
  • 10.- Izan
  • 11.- Sumar

2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 25 eserleku banatu ziren Gipuzkoan. 10 legebiltzarkide eskuratu zituen EAJk, 9 EH Bilduk, 3 PSE-EEk, 2 Elkarrekin Podemosek eta bakarra PPk, Ciudadanosekin koalizioan aurkeztu zenak. Legebiltzarkide aukeratu zituzten eskualdeko hainbat herritar, besteak beste, Bakartxo Tejeria, parlamentuko lehendakari lanetan aritu dena. EH Bilduko legebiltzarkide izan da azken legealdian Ibai Iriarte, 2011tik 2015era Tolosako alkate izandakoa eta alkatetza horretan lekukoa hartu zion Olatz Peonek legebiltzarrean jardun du 2023ko uztailetik. Tolosaldean jatorria duen Mikel Otero ere legebiltzarkide bezala aritu da azkeneko bi agintaldietan.

Apirilaren 21eko hauteskundeetan Gipuzkoako zerrendaburu izango da Bakartxo Tejeria jeltzalea. 2001etik da legebiltzarkide eta azkeneko hamabi eman ditu Eusko Legebiltzarreko lehendakari; oraingo honetan ere kargu horretarako hautagai izango da alderdi jeltzaletik. Amasa-Villabonako alkate izan zen 2003tik 2007ra. EAJk Gipuzkoan aurkezten duen zerrendan 4. postua betetzen du Olatz Peon tolosarrak, Tolosako alkate izandakoak 2015etik  2023ra. EAJren Gipuzkoako zerrendan gaur egun Villabonan zinegotzi den Arantzazu Rojo 13. postuan doa, Zarautzen zinegotzi den Miren Letamendia tolosarra 16., eta ordezkoen  lehen tokia betetzen du gaur egun Tolosako zinegotzi jeltzale Xarles Iturbek.

EH Bilduk Nerea Kortajarena aurkeztu du zerrendaburu Gipuzkoan. Amasa-Villabonan azkeneko bi legealditan zinegotzi izan den Ander Goikoetxea 4. postuan ageri da zerrendan, eta Zorion Ortigosa tolosarra, berriz, 17. tokian.

PSE-EEk Denis Itxaso buru duen zerrenda aurkeztu du Gipuzkoan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Tolosaldeko herritarrak ere joango dira hautagaitzan. Tolosako Itxaso Asensio 7. postuan azaltzen da eta Zizurkilen zinegotzi den Jose Antonio Sanchez 21.ean.

Elkarrekin Podemosek David Soto aukeratu du Gipuzkoan hautagaitza gidatzeko, Sumarrek Andeka Larrea eta Partido Popularrak Muriel Larrea. Alderdi Popularra aurten bakarka aurkezten da hauteskundeetara eta ez koalizioan, duela lau urte egin zuen bezala Ciudadanos alderdiarekin. PPren zerrendan ordezkoetan lehena, Tolosan zinegotzi izandako Angel Yañez da.

Zerrenda guztiak ikusgai hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!