Tolosan jokatuko dute III. Euskal Duatloiaren kanporaketa

Ataria 2024ko martxoaren 21a

Ibon Garaiburu iaz jokatu zen II. Euskal Duatloian

Larunbat honetan, martxoak 23, III. Euskal Duatloia Txapelketako kanporaketa jokatuko da Tolosako zezen plazan. 18:00etan hasiko da lehia.

20 aizkolarik parte hartuko dute; tartean, Ibon Garaiburu berastegiarra ariko da. Berarekin batera, Suharri Rodriguez, Ugaitz Mugerza, Julen Kañamares, Xabier Zaldua, Ibai Soroa, Yulen Aramberri, Eloy Corchero, Emilio Garcia, Ander Altuna, Eneko Larrion, Arkaitz Jauregi, Iker Goldarazena, Beñat Lekue, David Naredo, Oier Kañamares, Urtzi Olasagasti, Iban Resano, Iosu Santamaria eta Suban Kañamares ariko dira.

Parte hartzaileek hiru lan egin beharko dituzte: bi egur (etzanda) ebaki, korrika 2 kilometro egin eta beste bi egur (zutik) ebaki. Egurrak 45 ontzakoak izango dira. Bost txanda egingo dituzte aizkolariek; launaka ariko dira. Gehienez, 20 minutuko txandak izango dira, eta beraz, denbora horren barruan egin beharko dituzte lanak. Azkenean, denbora onena egiten duten sei aizkolariak apirilaren 21ean Azpeitian jokatuko den finalera pasako dira.

Sarrerak 15 euroren truke erosi daitezke Tolosako Orbela eta 3 tabernetan, Asteasuko Iturriondo jatetxean eta Hernaniko Kitto edaritegian. Egunean bertan leihatilan erosteko aukera izango da, 20 euroan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!