Maria Lasa azkarrena izan da XX. Udaberriko Lasterketan

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 20a, 16:23
Maria Lasa helmugan, gizonezkoetan garaipena lortu zuen Jaume Leivarekin. Argazkia: Festak.com

Korrikalari irurarrak 36 minutu eta 35 segundoko denbora egin zuen Donostiako lasterketan; emakumezkoen lasterketan, eskualdeko bi korrikalari gehiago helmugaratu ziren lehen hamarren artean.

Maria Lasa irurarrak, Lilatoia irabazi berritan, beste garaipen bat poltsikoratu du. Kasu honetan, pasa den igandean Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako XX. Udaberriko Lasterketa irabazi du. Bera izan zen azkarrena 10 kilometroko proban 36.35eko denbora eginda. Naroa Sagarna ormaiztegiarra izan zen bigarren (38.16), eta Olatz Zabala irundarra hirugarren (38.23). Itziar Ibarbia alkizarra podiumeko postuetatik gertu ibili zen, baina laugarren helmugaratu zen (40.10). Eskualdeko beste korrikalari bat sailkatu zen lehen hamarren artean. Maider Etxeberria billabonatarra bederatzigarren izan zen (41.34). Gizonezkoetan, eskualdeko korrikalaririk ez zen helmugaratu lehen hamar postuetan.

Lasak ez ezik, eskualdeko korrikalari gehiagok ere jaso zuten saria. Izan ere, Ibarbia azkarrena izan zen 45 urtetik gorakoetan, eta Lourdes Colomo zizurkildarrak 55 urtetik gorakoetan lortu zuen garaipena. Bestetik, gizonezkoen 65 urtetik gorakoetan, Expedito Gomez ibartarra izan zen azkarrena. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!