Inauterietako pilotakadaren auzia

«Indarkeria polizialaren aurrean, elkarrekin jarraituko dugu»

Ataria 2024ko martxoaren 16a

Xuhar Herri Plataformak deituta eserialdia egin dute gaur eguerdian Tolosako Soldadu kalean. Duela 34 egun gertatua salatu dute modu horretan. Ondoren, Arkada Social taldeak kontzertu laburra eskaini du, Villabonako gazteari indarra emateko.

«Nekatuta gaude, baina amorrutik indarra atera dugu. Eseri ondoren altxatu egingo gara. Nekatuta bagaude ere, eta bidea luzea izango bada ere, zuen astakeriei erantzuteko prest gaude, aurrean zutik izango gaituzue!», adierazi du Beñat Uribek, Xuhar Herri Plataformako kideak. Eserita zeudenei altxatzeko eskatu die, ondoren, eta Arkada Social taldearen hainbat kanturen letrak gogoratu ditu: «Arkada Socialek abesti batean dio malkoak begitan ere irria eskeintzen daki; malkotik gatoz, baina irrira goaz. Borrei helduz ukabilak gogor estutzen dituztenen aurrean, irri egin eta Arkada Socialen Ukabilak gora abestuko dugu elkartasunez. Malkotik gatoz, baina irrira goaz. Elkarrekin jarraituko dugu, Xuhar, zure ondoan, eta zure familiaren ondoan ere bai. Zuen ondoan eta indarkeria polizialaren aurrean».

Xuhar Herri Plataformatik adierazi dutenez, bertsio ofiziala ez dute sinisten: «Egia bertsio lokaztu eta sinestezinetan ezkutatu nahi izan badute ere, guk ez dugu sinesten». Biolentzia kate bat ere salatu nahi izan dute: «Nekatuta gaudelako ere bai, azken hilabetean kale honetan hasi eta biolentzia kate bat osatu duten Bilbo, Gasteiz eta Donostiako esku hartze desproportzionatuez nekatuta. Indarkeria polizialaz nekatuta. Gure segurtasuna bermatu behar dutenak zarete, eta ez gu ospitalera bidaliko gaituztenak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!