Langile publikoak grebara deitu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 11a, 19:59
Argazkia: Jaizki Fontaneda | Foku

ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilas sindikatuek deitu dituzte eskualdeko langile publikoak lanuztera.

Aurreko urteko urriaren 25ean eta abenduaren 19an bezala, ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilas sindikatuek grebara deitu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoak. Aurretik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko konpromisoa hartzea, pribatizazioei atea ixtea, enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, lan orduak murriztea eta lan kargak arintzea da, besteak beste, langile publikoek bihar eskatuko dutena.

Sindikatuek salatu dute gaurko lanuzte deialdia egin zutenetik ez dutela deirik jaso erakunde publikoetatik. Are gehiago, salatu dute enplegu publikoaren koordinazio gunea bildu dela, sindikatuei gonbidapena luzatu gabe. Joan dan astean aipatu zutenez, hiru aste pasa dira deialdia egin zutenetik, eta ez Eusko Jaurlaritzak, ez Eudelek, ezta alderdiek ere ez dute biharko greba eragozteko borondaterik agertu.

Tolosaldeko langile publikoak, beraz, grebara deituta daude. Herriz herri egingo dituzte mobilizazioak, eta Asteasuko Udaleko langileek, adibideez, 09:00etatik 10:00etara elkarretaratzea eta asanblada egingo dute plazan. Udaleko langileek Asteasuko gainerako langile publikoei, Asteasuko Pello Errota eskolako eta Osakidetzako langileei luzatu diete asanbladarako deia. Herritarrekin ere partekatu dituzte euren eskakizunak. «Aurretik egindako mobilizazioen ondotik ez dugu batere informaziorik jaso. Ez dugu etsipen hau gehiago elikatu nahi eta gure esku dagoena egin nahi dugu. Elkartu, kolektibo sentitu, eta gure inguruan borrokatzeko grina kutsatu nahi dugu».

Sektore publikoaren aldeko borrokan egingo dituzten urratsak elkarrekin irudikatzeko hitzordua egingo dute Asteasuko plazan bezala eskualdeko beste hainbat herritan ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!