Finalerdien bigarren jardunaldiak hainbat ondorio utzi ditu Binakako Pilota Txapelketan: batetik, Jaka eta Mariezkurrena II.a finalera sartzeko aukerarik gabe geratu dira; bestetik, Peio Etxeberriak eta Zabaletak lortu dute dagoeneko finalerako txartela; azkenik, Altuna III.a eta Martija bikoaren eta Artola eta Imaz bikoaren arteko datorren igandeko partidak erabakiko du zein izango den finaleko beste bikotea.
Larunbatean lehen jardunaldiko irabazleak aritu ziren elkarren aurka Labrit pilotalekuan. Peio Etxeberriak eta Zabaletak 17-22 irabazi zioten Artola eta Imazi. Alegiarra eta bere atzelaria 17-14 jarri ziren aurretik, baina horren ondoren aurkariak zuzenean iritsi ziren 22ra. Haserre bukatu zuen Artolak, ikusirik aukera eder bat izan zutela bigarren garaipena izateko.
Beste partidan, Bizkaia frontoian jokatutakoan, Altuna III.ak eta Martijak 13-22 irabazi zioten Jaka eta Mariezkurrena II.ari. Partidaren bukaeran Mariezkurrenak azaldu zuenez, ia partida osoan eskuko minez jokatu zuen. Ligaxkan bikote onena izandakoak finala jokatzeko aukera galdu zuen honenbestez. Jakak azaldu zuenez, Mariezkurrenak aurreko asteburuan «eskua izorratu zuen pilota nazkagarri harekin. Astea errekuperatzen pasa du, eta ematen zuen ostegunean eskua osatuta zuela, baina partidak errealitatera ekarri digu. Segituan nabaritu dut pilotak sekulako kolpea ematen ziola eta sufritzen ari zela». Lizartzarrak gaineratu zuen «pena handia» dela finaletik kanpo geratzea, «txapelketa latza jokatu dugulako, baina finalerdiak iritsi direnean Jonek zorte txarra izan du, eta nik ez dut asmatu berari laguntzen».
Bere aldetik, hasieratik aurretik jartzeak horrelako partidetan asko balio duela azaldu zuen Altunak: «Finalera iristeko final asko jokatu behar dira, eta gaurkoa horrela zen. Oso ondo erantzun dugu, oso pozik gaude, eta ikusita txapelketa nola joan den, guretzat opari latza da Eibarren jokatzea, etxean jokatzea bezala delako, eta ea gure maila ematen dugun».
Asteburu honetan jokatuko da finalerdien hirugarren jardunaldia. Larunbatean, ondoriorik izango ez duen partida jokatuko da Labrit pilotalekuan, Jaka-Mariezkurrena II eta Peio Etxeberria-Zabaleta artean. Igandean, finalerako txartela izango da jokoan Astelena pilotalekuan, Altuna III-Martija eta Artola-Imaz artean.
Serie B Txapelketa
Martxel Iztuetak eta Agirre bere atzelariak euren esku dute finalerako txartela lortzea, ostiralean De la Fuente eta Bikuñari 22-6 irabazi ondoren. Ostiral honetan finalerdien hirugarren eta azken jardunaldia dute, Egiguren V-Eskuza bikoaren aurka, Laudion. Irabazten duenak lortuko du finalean jokatzea; bertan zain izango dituzte Larrazabal eta Eskiroz.