Bideoklipa

Neomak taldeak egin du Herri Urratseko kantua

Ataria 2024ko martxoaren 9a

Neomak taldeak egin du Herri Urratsen aurtengo edizioko abestia: Hor gaude. Maiatzaren 12an egingo dute Iparraldeko ikastolen aldeko jaia Ortzadarra lelopean. Bildutako dirua Beskoitzeko ikastola berria eraikitzeko izango da.

Neomak taldeak egin du Herri Urratseko 41. edizioko abestia eta Hor gaude du izenburua. Taldean parte hartzen dute Maria Lasa zizurkildarrak eta Garazi Otaegi asteasuarrak.

Igandean egingo dute abestiaren aurkezpen ofiziala Donibane Lohitzuneko Tanka Aretoan eskainiko duten kontzertuan.

Hona hemen abestiaren hitzak:

Putzu batean islatutako
lainoak bezala
lokatz artean, (e)ta, halere, hegan.
Hor gaude.

Argia ikusten duzun bezala
zure betazalak
ireki gabe.

Hitzen uholde etengabe bat, bere urak hazi (e)ta hazi.
Haize ufada, ezin duzuna besoekin geldiarazi.
Nork mugatzen du lurra?
Nork ukatzen du lurra?
Geu baldin bagara
geure lurra.

Zubiak sortzen
jaikitzen (e)ta erortzen
ikasi dugu
urratsak elkarlotzen.

Ortzadarra darizu
esku-ahurretik
Zerbait esan nahi dizu
desagertu aurretik.

Paper batean marraztutako
txoriak bezala,
gela barnean, (e)ta, halere, hegan.
Hor gaude.

Jaioberrien lehen irria
oraindik mundua
ikusi gabe.

Hitzen uholde etengabe bat, bere urak hazi (e)ta hazi.
Haize ufada, ezin duzuna besoekin geldiarazi.

Nork mugatzen du lurra?
Nork ukatzen du lurra?
Geu baldin bagara
geure lurra.

Zubiak sortzen
jaikitzen (e)ta erortzen
ikasi dugu
urratsak elkarlotzen.

Ortzadarra darizu
esku-ahurretik
Zerbait esan nahi dizu
desagertu aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!