Bi hitzordu izan dituzte gaurkoan, Tolosan. Batetik, 18:30ean, Tolosaldeko Itaiak deituta, manifestazioa egin dute. Trianguloa plazatik abiatuta, Alde Zaharrean barrena jaitsi dira Euskal Herria plazaraino. Bertan, "emakume langileok askatzeko sozialismoaren eraikuntza" aldarrikatu dute. Horrela, Tolosaldeko Itaiatik hautu horretan berresten direla eta bide horretan lan egiteko konpromisoan jarraituko dutela adierazi dute.
Bestetik, 19:00etan, Tolosako Asanblada Feministak deituta, manifestazio jendetsua egin dute, Feminismoa ardatz, gure bizitzekin negoziorik ez! lelopean. Hauek ere Trianguloa plazatik abiatu dira, eta Alde Zaharretik igaro ostean, San Frantzisko pasealekua hartu dute. Herritar ugarik egin dute bat deiarekin, eta batukadaren laguntzaz aldarrikatu dituzte ozen euren aldarriak.
Alegian manifestazio formatuan
Alegian, 18:30ean hasita, udaletxeko plazatik herritarrak abiatu dira pankartaren atzetik Martxoaren 8a errebindikatzeko asmoz. Eztandak emakume taldeak zeraman manifestazio buruko pankarta Askatasuna borrokatuz leloarekin. Gazte zein helduek, emakume zein gizonek, paparrean lazo morea jarrita bat egin dute Martxoaren 8ko aldarriarekin. Izan ere, manifestazioa abiatu aurretik, herritarren artean lazo moreak banatzen aritu dira.
Udaletxeko plaza moreturik zegoen gaurkoan, banderak, aterkiak, globoak eta bestelako elementu moreak apaingarri gisa jarrita. Gainera, udaletxeko balkoian ere gaurko egunaren aldeko mezua zintzilik zegoen: Berdintasunean hazi, hezi eta bizi.
Alegiako kaleetan barrena aldarrikapenak zabaldu ondoren, zinean bat egin dute herritarrek Ainarak dokumentala ikusteko.
Anoetan musikak giroturik
Anoetan herriko plazan egin dute hitzordua. Bertan, bozgorailua indartsu jarri dute, emakumeen ahalduntzerako kantuak ozen entzun zitezen –Beyonce, Gloria Gaynor, Edith Piaf...-. Eta kantu horien lekuko belaunaldi gazteak ere. Neska gazteak Bilgune Feministako bandera astinduz; atzean, pankarta eta herritarrak Martxoaren 8arekin bat eginik.
Anoetako pankartak bat egiten zuen mugimendu feministaren aurtengo leloarekin: Gure bizitzekin negoziorik ez. Horrela adierazi dute elkarretaratzean irakurritako adierazpenean: «Borroka eta salaketa egun da gaurkoa. Gure lan-indarra esplotatzen duen sistema heteropatriarkal kapitalista salatzekoa, bai etxean, bai enpleguan, baita dohainik eta aitortu gabe egiten ditugun zaintza lanetan ere esplotatzen gaituen». Honela, egungo zaintza sistema salatu dute: «Egungo zaintza sistema guztiz pribatizatuta egoteaz gain, familietan eta, beraz, emakumeengan jausten da, eta batez ere, emakume migratzaileengan, XXI. mendeko esplotazio egoera lazgarrienetakoa bizi dutenengan».
Azkenik, gaurko egunean, Anoetan, gogoan izan dituzte «indarkeria matxistaren ondorioz eraildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume* eta neskato guztiak». Honela, «justizia feminista» aldarrikatu dute.
Aiztondoko emakumeek elkar hartu dute
Aiztondoko Mugimendu Feministak deituta manifestazioa jendetsua egin dute arratsaldean Zizurkil eta Villabona artean. Mobilizazioa abiatu aurretik bailarako emakumeek irradaka dantzatu dute elkarrekin Joxe Arregi plazako estalpean eta handik abiatu da manifestazioa Errebote plazaraino.
Ibilbidearen zenbait puntutan, hainbat emakumek suziriak piztu dituzte manifestazioaren pasaeran. Mobilizazioan parte hartu duten emakumeek Gora borroka feminista, Matxirulo entzun pim-pam-pum, edota Bizitzak eta zaintza, erdigunera bezalako leloak bota dituzte.
Behin Errebote plazan, udaletxeko balkoitik egunaren inguruko irakurketa egin dute mugimendu feministako kideek. Aipatu dute, aurrekari historiko bat baduela gaurko mobilizazioak, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra: «Zaintza sistema publikoa, bizitza duinen bermea eta zaintza langileen baldintza duinak borrokatu ditugu azken hilabete hauetan».
Gaur ere feministek aldarrikatu dute zaintzak erdigunean jarriko dituen sistema bat behar dugula eta azpimarratu dute zaintzak bakarrik egiten duela posible bizitza. Gazan bizi den «genozidioari eta sarraskiari» egin diote keinua eta esan dute, han ere emakumeen gorputzak direla lehen «konkista-lurraldea». Euskal Herritik elkartasun eta maitasuna bidali diote Palestinako herriari.
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko zaintza itunari ere egin diote kritika Aiztondoko Mugimendu Feministako kideek. «Itun horretan ez bada publifikazioaz hitz egiten, ez baldin bada pribatizazioaren aurka hitz egiten, ez baldin bada atzerritartasun legea deuseztatzeaz hitz egiten, ez goaz inora». Horregatik, kalera ateratzeko deia luzatu dute, zaintzarako eskubide kolektiboa lortzeko modu bakarra mobilizatzea dela iritzia. «Antolatuta gaude eta sistema honekin bukatuko dugu behin betiko. Borroka hau denona da; zurea, nirea, gurea».
Ertzaintzaren azken asteetako jokabideari ere begiratu diote feministek eta esan dute gaur egungo polizia eredua, «indarkeria maskulinoaren» eredu argiena dela. «Teorian zaindu beharko gintuzkeen erakunde hau da erasotzen gaituena. Ertzaintzak ez gaitu zaintzen, nire ahizpek bai». Mugimendu feministatik «maitasun eta besarkada beroa» bidali diote Ertzaintzak zauritutako Xuhar gazteari, haren familia eta lagunei.
«Denen artean erreko dugu zapaltzen gaituen sistema, beraz, kaleetan elkar ikusiko dugu», esan dute amaitzeko mugimendu feministako eledunek. Ekitaldiarekin amaitzeko, Iraia Cambra gazteak, gitarrarekin, Idoia Asurmendiren Hitzetan kantatu du.