Emakumeen Nazioarteko Eguna dugu gaurkoa, eta eskualdeko zenbait ikastetxeetan ere egin dituzte aldarrikapenak. Esaterako, Tolosan, Laskorain Ikastolako ikasle eta irakasleek giza-katea osatu dute Sakramentinoetako eta Usabalgo ikastetxeak lotuz. Batukada ere egin dute, Sakramentinoetatik Usabalerako bidea eginez.
Ibarrako Uzturpe Ikastolak ere Gaztezulorekin batera hainbat ekintza antolatu dituzte gaurko egunerako. Piztu irratiarekin eman diote hasiera egunari. Ondoren, GKOren eskutik, barrakoi pintaketa egin dute plazan eta kolore eta aldarri ezberdinez osatu dute. Horrez gain, DBH ikasleek gaurko egunarekin lotutako jolasak egin dituzte plazan, eta ipuin kontaketa saioa ere eskaini diete HH eta LHko ikasleei.
Irurako Ikastolan, berriz, betaurreko moreak jarri dituzte eta ikastolako atarian eraiki duten photocall-ean argazkiak atera dituzte.
Albizturko Herri Eskolako ikasle zein irakasleek maskulinitate eta feminitate ezberdinak erakusteko Lipduba egin dute herritarrekin batera, Estereotipoak apurtzen lelopean.
Amasa-Villabonako Fleming Herri Eskolan aste osoan aritu dira gaurko egunaren bueltako ekintzak desberdinak egiten, eta gaurkoan, emakume ezberdinen irudiekin murala osatu dute.
Amezketan, Gipuzkoako emakume nigeriarren elkarteko kideen eskutik, ipuin kontaketa eta trentza tailerra egin dute kultur etxean. Ondoren, 19:30etan, elkarretaratzea egingo dute plazan, eta egunari amaiera emateko emakumeen afaria izango dute Zazpi-Iturri elkartean.
«Zainduko gaituen hezkuntza bat» aldarrikatu dute
Ikama ikasle antolakundeak ere bere aldarria egin du gaurkoan, eta adierazi dutenez, «denbora daramagu zaintza krisi batean gaudela salatzen, zehazki zaintza lanen pribatizazioa, merkantilizazioa, feminizazioa eta arrazalizazioa salatzen». Hezkuntzan ere guzti honen zantzuak ikus ditzazketela gaineratu dute.
Batetik, hezkuntza eredu «zisheteropatriarkalak» genero rolak betikotu eta identitate maskulinoa eta femeninoa birproduzitzeko funtzioa daukala esan dute. «Bi genero hegemonikoek erreprodukzioaren ondorioz zaintza lanen banaketa sexuala betikotu egiten da, problematika honen lanketa nulua izanik; horrela, zaintza lanak neska* ikasleon gain erortzen dira».
Bestetik, esan dute ikasleen ongizatea eta garamena bermatzeko egitura izan beharko lukeen hezkuntza sistemak ez ditula ikasleak eta euren beharrak erdigunean jartzen. «Sistemaren erreprodukziorako tresna izateaz gain, inplementatzen dituzten pedagogia ereduek, azterketek, jarrera autoritarioek, osasun mentalaren gestio penagarria... zapaldu egiten gaituzte».
Zainduko dituen hezkuntza behar dutela aldarrikatu dute, «egungo zaintza erregimenarekin apurtu eta zaintza laneen kolektibizazioa bilatuko duena». «Inposatzen zaizkigun genero zein sexu rolen kritikotasuna sustatu, eta hausnarketa zein eztabaida espazioak irekiko dituenak. Ikasleok balore feministetan hezu, eta eraso desberdinen aurrean protokolo eraginkorrak sortuko dituena. Zainduko gaituen hezkuntza batek ikasleon beharrak erdigunean jarri behar ditu halabearrez; gure neurrira eraikitako pedagogia ereduak, jarrera autoritario eta neurri zigortzaileen desagerpena, ikasleon egoera psikosoziala kontuan hartzea... asko dira ikasleok behar ditugun aldaketak».
Halaber, lanean jarraituko dutela esan dute, ikastetxeak zein kaleak hartuko dituztela eta zainduko dituen hezkuntzaren aldarria zabalduko dutela.