XIX. Aiztondo Klasikoa egingo da igandea honetan, martxoaren 10ean, afizionatu mailako gizonezko txirrindulari onenekin. Patxi Alkortaren oroimenezko proba, aurtengotik aurrera Txomin Perurenaren oroimenezkoa ere izango da. «Patxi Alkortak eta Txomin Perurenak gure lehenengo urteetan ikaragarri lagundu ziguten hau dena aurrera eramaten», esan du Joxe Ramon Aiertza antolakuntzako kideak. «2011n Patxi joan zitzaigun, eta erabaki genuen bera omentzea probaren izenean, eta iazko uztailean Txomin joan zitzaigun, eta lehenengo momentutik pentsatu genuen biak oroitzea probaren izenean».
Iaz ezin izan zen egin txirrindulari proba, motozaleen protesta tarteko, eta aurtengoan berriz ere afizionatu mailan ikusi daitekeen proba garrantzitsuenetako bat izango da jokoan Aiztondo bailaran, Espainiako Koparako puntuagarria dena.
Irteera eta helmuga txandaka aldatzen joaten da Aiztondo bailarako herrien arten, eta aurtengoan Zizurkilen hasiko da 10:00etan eta Asteasun izango du helmuga. «Ibarrazpi pasealekuan bukatu da proba, herrigunean. Aurretik Larraulera joateko errepidean izaten zen, baina aurtengoan pentsatu dugu herrian bertan jartzea helmuga», zehaztu du Aiertzak. 13:30ak aldera espero da iritsiko direla txirrindulariak helmugara.
Ibilbideak ere berritasunak izango ditu. Orain arteko hemezortzi edizioetan Ordiziaraino joaten ziren lehenbizi txirrindulariak, eta aurtengoan Aiztondo bailaran egingo da ia proba osoa. Hasieran lau itzuli egingo dira, Zizurkilgo Elbarrena, Asteasu, Zizurkilgo Herrigunea, Aduna eta Villabona ibilbidearekin. Bosgarren itzulian Villabonatik Irurara joan eta Anoetatik barrena Alkiza igoko dute gero Asteasura iritsiz. Ondoren hasierako itzuli bera egingo dute berriz, eta azkeneko bi itzulietan aldatu egingo dute ibilbidea: Zizurkildik Fraisorotik gora egingo dute, Muga Ranch eta Sarasola sagardotegiaren ondotik pasaz. Guztira 140 kilometro izango dira, eta ibilbidea gogorra izango da. «Esan dutenez euria egin dezake, eta horrek gehiago gogortuko du. Ea ateri egoten den, eta denontzako hobea izango da, bai ikusleentzako eta baita txirrindularientzako ere».
Aiztondo Klasikoa irabazteko faboritoak izendatzea «oso zaila» dagoela gaineratu du Aiertzak: «Urtero esaten dugu Espainiako Kopako sailkapenean lider dagoena izango dela faborito, baina lasterketak duen ibilbidea ikusita, beti oso gogorra izaten da proba, eta norbait faborito dela esatea zaila da». Hainbeste gorabehera dituen ibilbide bat izanik, talde batentzako lasterketa kontrolatzea «oso konplikatua» izaten dela dio Aiertzak.