M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2024

«Esplotazioan oinarritutako zaintza ereduari» aurre egiteko eguna

Rebeka Calvo Gonzalez 2024ko mar. 6a, 07:59

Mugimendu feministak «guztiz pribatizatuta dagoen» zaintza sistema iraultzeko deia zabalduko du Martxoaren 8an; ekitaldi ugari izango dira eskualdean.

 

Tolosaldeko Mugimendu Feministak Martxoaren 8a baliatuko du «esplotazioan oinarritzen den» zaintza sistema irauli behar dela aldarrikatzeko «batzuek saltzen dizkiguten hitz politek» ezertarako balio ez dutela iritzita. «Ikusi besterik ez dago azken hilabeteetan EAEko zaintza itunarekin egin dutena; ahoa bete dute hitz politez eta gure diskurtsoaz jabetzeko saiakeretan dabiltza. Baina guk argi diogu ez digula ezertarako balio itun horrek, ez bada publifikazioaz hitz egiten, ez baldin bada pribatizazioaren aurka hitz egiten, ez baldin bada atzerritartasun legea deuseztatzeaz hitz egiten, eta abar luze bat».

Pasa den azaroaren 30ean egindako greba feminista orokorra ekarri dute gogora, orduan egindako aldarrikapenekin jarraituko baitute ostiralean. Orduan zaintza sistema publiko eta komunitarioa eskatu eta zaintzarako eskubide kolektiboa defendatu zuten eta Martxoaren 8an gauza bera egingo dute: «ozen oihukatzen jarraitzen dugu emakumeon gain dauden lan profesionalizatuen, ordaindu gabekoen eta zaintza lanen berrantolaketa behar dela».

EREDU «FAMILIARISTA»

Egungo zaintza sistema guztiz pribatizatua egoteaz gain, guztiz «familiarista» dela diote, hau da, «familietan eta, beraz, emakumeengan, jausten da lan hori. Batez ere, emakume migratzaileengan, XXI. mendeko esplotazioa egoera lazgarrienetakoa bizi dutenengan. Horietako askok etxeko langile egoiliar gisa 24 orduz, asteko zazpi egunetan lanean dihardute, eta hori onartezina da». Zaintzaz gain, bizitzeko oinarrizko behar guztiak ere merkantilizatuta daudela salatzen dute, era berean.

Aurtengo Martxoaren 8a palestinar herria jasaten ari den genozidio eta sarraskia agerian uzteko ere baliatuko dute, «badakigu emakumeen gorputzak direla lehen konkista lurraldea, beraz, Euskal Herritik elkartasun eta maitasun osoa palestinar herriari, gaurko egunean bereziki emakume palestinarrei».

Migrazio prozesu bat abiarazi eta Europara iristerakoan Atzerritartasun Legearen ondorioz hainbat indarkeria pairatzen dituztenak izan dituzte gogoan: «lan munduan, indarkeria matxistari dagokionean eta, nola ez, bizi duten arrazakeriari dagokionean».

Azkenik, aipamena egin diete «indarkeria matxistaren ondorioz eraildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume eta neskato guztiak». Esan dute emakumeen aurkako indarkeria sistemikoak «genero eta botere desorekak betikotzen» dituela, egitura sozial, politiko eta ekonomikoen bidez. «Egun, emakumeok oraindik ere askotariko indarkeriak jasaten ditugu egunero: fisikoa, ekonomikoa, sinbolikoa, instituzionala... Horri aurre egiteko, aldaketa kultural eta instituzional sakonak behar ditugu». Zehazki, «justizia feminista» aldarrikatu dute horretarako.

 

Mobilizazioak
  • Anoeta. 19:00etan elkarretaratzea plazan.
  • Alegia. 18:30ean manifestazioa plazatik.
  • Tolosa. 19:00etan manifestazioa Trianguloatik.
  • Villabona-Zizurkil. 19:00etan manifestazioa Joxe Arregi plazatik.
  • Altzo. 18:00etan elkarretaratzea plazan.
  • Amezketa. 19:30ean elkarretaratzea plazan.
  • Ikaztegieta. 19:00etan mural feminista bat egiteko tertulia.
  • Berastegi. 19:30ean elkarretaratzea plazan.
  • Lizartza. 19:00etan elkarretaratzea plazan.
  • Irura. 18:30ean elkarretaratzea plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!