Tolosaldeko ospitale publikoa

Ospitale berria eraiki ahal izateko tramitazioa azkartzeko eskatu dio EAJk Tolosako Udalari

Ataria 2024ko mar. 4a, 17:14

Rodrigo Vilar, Xarles Iturbe, Olatz Peon, Rafa Uribarren eta Patxi Amantegi, Tolosako Batzokian.

EAJren ustez, tramitazio urbanistikoa «atzerapenarekin» doa, eta gaiari lehentasuna emateko eskatu dute; EH Bilduk proiektua eta kokalekuaren inguruan orain kezka adierazi duela, baina lehen ontzat ematen zituela adierazi dute jeltzaleek.

Tolosako EAJk udalari eskatu dio lanketa urbanistikoa amaitu eta eskualdeko ospitale publikoa bertan eraiki ahal izateko suhiltzaileen pareko orubea Jaurlaritzaren eskuetan uzteko. Tramitazioa urbanistikoa «atzerapenarekin» doala salatu du, eta gaiari lehentasuna emateko eskatu dio udal gobernuari. Era berean, «lehen ontzat ematen zuen eremua» orain «ezbaian» ez jartzeko eskatu du, «sakoneko eta kontrastatutako arrazoirik ezean».

EAJk esan du «EH Bilduk ospitale publikoaren gaiarekin hartutako jarrera» kontuan hartuta, hainbat gai argitu eta azpimarratzeko «beharra» ikusi duela. Era berean, Xarles Iturbe EAJko zinegotziak ospitalearen gaia ez politizatzeko eskatu du: «Gaiak garrantzi handiegia duelako gu guztiontzako eta mezu nahasiek eta kontrajarriek herritarrei beharrezkoak ez diren kezkak sorrarazten dizkielako».

Iturbek adierazi duenez, ospitale publiko berriaren proiektua «gauzagarri» bihurtu denean, harekiko zalantzak elikatzeko «borondatea» ikusten dute: «Gipuzkoako osasun arreta zerbitzuen antolaketan, Tolosaldea salbuespen bat izan da, eta eskualdeko ospitale publikoa aldarrikapen ozena izan da. Ozen aldarrikatutako eskaerari erantzun egoki bat emateko pauso sendoak ematen direnean, eskualdean bultzada irmoa beharko lukeen unean, karramarroak bezala, batzuk atzera egiten ari direla dirudi».

Aurreko bi legealdietan alkate izan zen Olatz Peonek, bestalde, gogoratu du aurreko udal hauteskundeetan, 2019an, ospitale publiko berriaren gaia jorratzeko konpromisoa hartu zutela, eta egun egoera «oso bestelakoa» dela: «Badugu mahai gainean Ospitale Berriaren Plan Funtzionala, Jaurlaritza, udalak HAPOaren aldaketa egitearen zain dago, ospitalearen proiektuaren idazketaren lizitazioa martxan ipini ahal izateko, beraz, aurrerapausoak handiak izan dira. Ospitale berriaren eraikuntza sustatuko genuela esan genuen eta esandakoa egin dugu». Horregatik, «hitzeko» pertsonak direla eta ez dutela inoiz gezurrik esan nabarmendu du.

Orain, ordea, proiektuaren inguruko «kezkak» sortu direla esan du: «Baina, ez dugu hemerotekan ikusi EH Bilduk zalantzan jartzen zuenik eraikuntza berria gaurdaino». Kokalekuarekin ere gauza bera gertatu dela esan du, gogoratuz, 2021eko ekainean egin zela Tolosako Udalean azterketa ospitalerako kokapenik egokiena zehazteko: «Orduan EH Bilduko udal ordezkariek kokapena egokia zela esan zuten, nahiz eta Tolosaldeko Ospitalea Tolosan egon behar zuenik zalantzan ere jarri zuten aurretik. Orain sortzen zaizkio EH Bilduri zalantzak, kokapenaren edota irisgarritasunaren inguruan».

Peonek gaineratu duenez, irisgarritasuna, eskualdeko mugikortasuna, afekzio paisajistikoak edota eremuaren egokitasuna kontuan hartuta zehaztu zen kokapena, eta «gardentasun osoz» egin zen bidea: «ematen ziren pauso guztien berri izan zuten udal ordezkari guztiek eta herritarrekin bilerak ere egin genituen». Kokapena Jaurlaritzako proiektuetako arduradun teknikoekin kontrastatu zela azaldu du, eta «balekotzat» eman zutela, «beharrezko baldintza guztiak betetzen zituelako».

Bestetik, Asuncion erosteko aukera ere harriduraz hartu dutela adierazi du Olatz Peonek, «aldi oro elikatu baitute pribatuarekin harremana etetea ezinbestekoa zela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!