Tolosaldea Ultra Trail Erronkaren lehen etapa martxoaren 10ean egingo dute

Ataria 2024ko martxoaren 1a

Tolosan hasi eta Elduainen bukatuko da lehen etapa, 25 kilometroko ibilbidea eginez.

Tolosaldea Ultra Trail Erronka egitasmoari hasiera emango diote martxoaren 10ean, igandea. Bertan lehen etapa egingo da, Tolosan hasi eta Elduainen bukatuko dena. 25 kilometroko ibilbidea du etapa horrek eta gutxi gorabehera 1.350 metroko desnibel positiboa. Loatzo, Uzturre, Belabieta, Urdelar, San Lorentzo eta Ipuliño mendietatik igaroko da ibilbidea.

Tolosako Trianguloa plazan egingo dute abiatzeko hitzordua, 08:30ean. Etapak gehienez bost orduko iraupena izango duela azaldu dute arduradunek, eta ibilbidea zirkularra ez denez, autobusa hartuko dute Elduainen, 13:50ean. Autobusaren prezioa 1,85 eurokoa da, 0,9 eurokoa autobus txartelarekin.

Lehen etapan parte hartzeko utterronka@gmail.com helbidera idatzi behar da, eta ekitaldiaren aurreko egunera arte dago aukera izena emateko. Mendian federatuta egotea beharrezkoa dela azaldu dute, eta antolakuntzak ez du bere gain hartuko ekitaldian gertatzen diren istripu edo ezbeharrik. Bestalde, erronkaren kamiseta erosi nahi izanez gero, aurreko helbide elektronikora mezua idatzi daiteke.

Tolosaldea Ultra Trail Erronkaren ibilbide osoa 76 kilometrokoa da, 4.600 metroko desnibel positiboarekin. Asmoa da hiru etapetan egitea, eta martxoaren 10ean egingo da hiruretan lehenengoa. Ondoren, ibilbide osoa egun bakarrean egitea aurreikusten dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!