Inauterietako pilotakadaren auzia

EAJren jarrera «lotsagarria» dela salatu du Xuhar Herri Plataformak

Ataria 2024ko martxoaren 1a

Xuhar Herri Plataformak Arantzazu Rojo zinegotziaren adierazpenak salatu eta «ardurak hartzeko unea» dela aldarrikatu du, besteak beste.

Joan den asteazkenean mozioa aurkeztu zuen Xuhar Herri Plataformak Amasa-Villabonako Udaleko bilkuran, eta onartu egin zuten EH Bilduren aldeko botoekin. Ez zen, ordea, eztabaidarik gabeko gaia izan. Mozioaren aurka azaldu ziren EAJ eta PSE eta, besteak beste, oihartzuna hartu dute EAJko Arantzazu Rojo zinegotziaren adierazpenek.

Bada, Xuhar Herri Plataformak berriki argitaratu duen oharrean publikoki salatu ditu Rojoren adierazpenak: «EAJk Tolosako auziaren inguruan harturiko jarrera lotsagarria dela adierazi nahi dugu eta Arantzazu Rojok asteazken iluntzean Amasa-Villabonako pleno aretoan esandako astakeriak publikoki salatu nahi ditugu».

Bestalde, adierazi dute foam jaurtigaiak ez zirela kasualitatez «parranda giroan zeuden gazteen buruetan erori»: «Ertzaintzak esku-hartze desproportzionatuan parranda giroan zeuden gazteak tirokatu egin zituen. Pleno aretoan geunden herritarron, familiaren eta Xuharren beraren begia amorru malkoz busti zituzten egoera lokazteko erabili zenituen hitz higuingarriek. Gibela behar da gero».

Amaitzeko, nabarmendu dute «ardurak hartzeko» eta «argibideak emateko» unea dela, eta ez «sinesgaitzak diren hipotesiak elikatu» eta gaiari «bizkarra ematekoa».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!