Imanol Pradales Tolosaldean egon da

Ataria 2024ko ots. 29a, 09:59

Imanol Pradales Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako EAJko lehendakarigaia eskualdean izan zen atzo, bertako enpresak bisitatzen. Besteak beste, Tolosako ospitalearen alde egingo duela esan zuen.

Imanol Pradales EAJ alderdiko lehendakarigaia Tolosaldeko «errealitate soziala eta ekonomikoa lehen eskutik ezagutzeko» gerturatu zen atzo, eskualdera. Hautagaia Boinas Elosegiren lantokian izan zen eta enpresa txiki zein ertainen garrantzia nabarmendu zuen, bere konpromisoa berrestearekin batera. «Gipuzkoak bere enpresa ereduan asmatu egin du. Enpresa espezializatu, lehiakor eta berritzailea da aberastasuna sortzea eta ongizate maila altuak ahalbidetu dituenak», esan zuen.


Imanol Pradales Boinas Elosegi enpresan.

Hautagaiak Tolosaldeko eragile sozial eta ekonomikoekin biltzeko aukera ere izan zuen eta euren erronkak eta proposamenak ezagutu zituen. Pradalesek proiektu berria indartzeko beharra nabarmendu eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen, «gizarte bezala amankomunean ditugun helburuak burutzeko». «Eraikuntza nazionala eta soziala txanpon beraren bi aldeak dira, herri gisa ditugun erronkak aitortu behar ditugu eta politika berritzaileen bitartez erantzun», gaineratu zuen.

Lehendakarigaiak euskal gizartearen onurarako EAJ alderdiak instituzioetan duen lidergoa azpimarratu zuen eta Madrilen lortu diren aldiriko trenen eskumena azpimarratu zuen. Gipuzkoako herritarren mugikortasuna eta ongizatea hobetuko baitu. Aldi berean, EAJ-Tolosa udal taldeak aldiriko geltokian irisgarritasuna bermatzeko duen apustua nabarmendu zuen.

Tolosako ospitaleari buruz esan zuen Tolosako ospitale berriaren aurrerapenak babesten dituela, Osakidetza berritu eta indartsu baten aldeko apustuarekin bat eginez.

Tolosaldeko alderdikideekin izandako solasaldian, baiarako kultura enpresa-sortzailea eta nortasun euskaldun eta propioa goraipatu zuen, «garrantzizkoa baita erroak zaintzea Euskadi oparo eta global baten alde egiteko. Tolosaldea eta bere enpresa-sarea, herri gisa dugun indarraren lekuko da. Ongizatearen eta kohesio sozialaren bermea baita».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!