Korrika hobeto elkarrekin

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 28a, 19:59
Bizi Kirol Taldearen hainbat kide, Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian. IKER MEDRANO

Amasa-Villabonan eta Zizurkilen Bizi Kirol Taldea jarri dute abian, elkarrekin korrika egiteko. Maila guztietako lasterkarientzako dela nabarmendu dute.

Bizi Kirol Taldea martxan jarri zuten aurreko udan, eta dagoeneko ia 40 kide inguru daude, horietatik dozena bat emakumezkoak. Korrika elkarrekin egiteko asmoz sortutako ekimena da, eta pixkana indarra hartzen ari dena.

Hassan Aitchaou eta Iñigo Garcia Amasa-Villabonako Triatloi Taldeko zuzendaritzan daude. «Errazagoa da korrika egitea, zapatilak jantzi eta martxa egiten duzu», esan du Aitchaouk, «eta ikusten genuen Villabonan, Zizurkilen eta inguruan jende asko ibiltzen dela korrika, eta talderik ez zegoela. Korrika egiteko talde bat sortzeko ideia aspalditik genuen, eta azkenean aurreko udan sortu zuen Iñigok Whatsapp talde bat». Hasieran sei bat ziren, eta pixkana handitzen joan da.

Maider Etxeberria da taldeko beste kide bat, eta Amasa-Villabonan eta Zizurkilen ahoz aho zabaltzen joan den egitasmoa izan dela azaldu du: «Pixkana taldea handitzen joan da. Azken fionean elkarrekin korrika egitera joatea da helburua, bakarrik joan beharrean, eta horrela nahi duenak ere lasterketa batzuetara elkarrekin joatea». Bi udalerrietatik abiatu bada ere, irekita daude Aiztondo bailarako beste herrietako biztanleei ere.

Jon Mendia kideak taldearen izaera zabala nabarmendu du: «Edozein pertsonarentzako dago irekia, bai lasterketetara joateko prestatzen direnentzako, eta baita bakarrik kirola egin nahi dutenentzat». Garciak gaineratu duenez, «askotan ikusi izan da jendea bakarrik joaten dela korrika egitera, eta talde honen helburua elkarrekin entrenatzea da, edozein dela norberaren maila, eta emakumezkoei zein gizonezkoei irekia». Batzuek erlojua kontuan hartuz entrenatzen dute, beste batzuk kirola egiteko asmoz, eta orain entrenamenduak sortzen dabiltza, erritmo ezberdinetan egiteko. Etxeberriak azpimarratu duenez, «ez da maila altua erakusten duten korrikalarientzat bakarrik, herri giroan sortutako talde bat da, eta maila guztietako korrikalariak egon daitezke. Abanikoa asko zabaltzen da, eta edozeinek parte hartu dezake».

WHATSAPP TALDEAREN BIDEZ

Taldearen funtzionamendua erraza dela diote. Whatsapp taldean nahi duenak mezu bat idazten du bere asmoekin, adibidez hurrengo egunean korrika aterako dela esanez, eta joan nahi dutenen artean zehazten joaten dira egingo duten ibilbidea eta erritmoa. «Bakoitzak bere esperientzia du korrika egiterakoan, eta hori partekatzen du», esan du lasterketetan eta kirolean eskarmentu handia duen Aitchaouk. «Norberak ezagutu egin behar du bere gorputza eta bere limiteak, eta denon artean bakoitzak bere aletxoa botako du. Ikusten da borondate ona dagoela eta denon artean joango gara osatzen».

Bizi Kirol Taldeko kide izateko Instagramen kontua sortu dute, @bizi_kiroltaldea izenarekin. «Ez daukagu eduki asko igota bertara, baina behintzat sortu dugu kontua, gure asmoen berri emateko», azaldu du Etxeberriak. «Kide izen nahi duenak mezu bat bidali dezake Instagramera, eta gero guk sartuko dugu Whatsapp taldean. Horrela iritsi gara jende askorengana, eta herri txikiak izanik, ahoz aho ere zabaltzen da asko».

Egunero badago jendea taldean idazten duena korrika egitera ateratzeko, baina asteburuetan elkartzen da jende gehien. Tarteka elkartzen dira ere proba batzuetara joateko, eta azkenekoa Idiazabalgo krosa izan da. «Bertara hamar bat joan ginen, eta hurrengoa Donostiako EHUko krosa izango da, martxoaren 17an, eta horretara ere jende dezente joango dela uste dugu», azaldu du Garciak. «Ondoren Donostiako Maratoi Erdia izango da, apirilaren 7an, eta ordurako espero dugu taldeko arropa prest izatea eta hori jantzita parte hartu ahal izatea lasterketa horretan».

Hasiera batean krosetan parte hartzeko asmorik ez zutenak agian animatzen joango dira, baina Garciak garbi utzi du taldearen helburua ez dela hori: «Batzuei lehiatzea gustatzen zaie eta beste batzuei ez. Taldean badaude korrika egiten orain hasi diren kide batzuk eta ilusioz hartu dute taldean sartzea; ikusiko dute lasterketetan parte hartu nahi duten edo ez».

Hain justu, talde bat egoteak erraztu dezake jende gehiago animatzea korrika egitera. «Taldean sartu berri den jendeak eskertu du horrelako ekimen bat sortu izanak herritarren artean», azaldu du Etxeberriak. «Bakarrik atera izan dela korrika egitera azaldu du, eta orain talde bat izateak asko laguntzen eta motibatzen duela ateratzeko. Bide batez, emakumezkoa izanik, dei egiten diet emakumezkoei taldeko kide egitera».

Aurrera begira, taldeko arropa ateratzeaz gain, asmoa dute federazioan taldea erregistratzeko. Bestalde, haurrei begirako talde bat sortu nahi dute. «Polita izango litzateke gazteek ere aukera izatea talde batean egon eta entrenamenduak egiteko», zehaztu du Aitchaouk. Oraingoz helduen taldea dute eta deialdia egin dute edozein herritarrei parte izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!