Lehen sektorearen mobilizazioa, ostiralean

Ataria 2024ko otsailaren 28a

Arabako nekazariek Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egin zuten protesta traktoreekin. Iturria: ANDONI CANELLADA / FOKU

EHNE eta Enba sindikatuek eta Gipuzkoako Baso Elkarteak deituta baserritarrek mobilizazioa egingo dute ostiralean, martxoak 1, Donostiara joateko. Batzar Nagusien atarian manifestu bat irakurriko dute.

EHNE eta Enba sindikatuek eta Gipuzkoako Baso Elkarteak (GEBE) deituta Gipuzkoako baserritarrek mobilizazioa egingo dute ostiralean. Donostian, Batzar Nagusietan, elkarretaratzea egingo dute 12:00etan eta manifestu bat irakurriko dute mobilizazioarekin bukatzeko. Zehazki, antolatzaileen ordezkaritza bat Batzar Nagusietako lehendakariarekin eta talde politiko guztiekin elkartuko da prestatu duten manifestua aurkezteko. Donostiara iristeko hiru zutabetan antolatu dira. Baserritar batzuk Legorreta, Tolosa eta Andoaindik joango dira; Orio eta Urbil merkatalgunetik beste batzuk; eta Errenteria eta Garbera merkatalgunetik beste batzuk. Tolosaldeko kasuan Tolosako Arzabaltza industrialdetik aterako dira 09:00etan.

Lehen sektoreari lotutako 40 bat eragilek babestu dute mobilizazioa eta euren asmoa da Gipuzkoako gizarte osoari lehen sektoreak lurralde osorako eta gipuzkoar guztientzat egiten duen ekarpena nabarmentzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!